«Estropada askotan gozatu egin dugu, eta pozik bukatu dugu»

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 20a, 00:00

Maialen traineruko arraunlariak lanean, joan den igandean, Bilboko estropadan. Argazkia: Iñaki Suarez

ETE Liga bukatu berritan, denboraldiaren balantze ona egin du Asier Oconek, Hernaniko Maialen traineruko entrenatzaileak, emaitzek lagundu ez duten arren.

Bost egunetan hiru estropada jokatuta, igandean bukatu zuen ETE Liga Hernaniko Maialen traineruak, Bilbon. Plentzian eta Zarautzen bezala, zortzigarren izan zen traineru berdea, Deustu bi segundu exkaxera zuela. Eta azkeneko postuan bukatu du sailkapen nagusian ere.

Postu eta puntu kontuetatik harago, ordea, positiboa da Asier Ocon entrenatzaileak egin duen balantzea, liga bukatu berritan. «Hasieran asko sufritu genuen; kosta egin zitzaigun estropadei neurria hartzea, eta traineruen erritmora egokitzea. Baina pixkanaka beste puntu bat hartu zuten neskek, eta oso ondo bukatu dituzte estropadak, oso sendo», azaldu dio Kronikari.

Arraunlarien gaztetasuna da, Hernaniren kasuan, ezaugarri nabarmenena; eta horri egin dio erreferentzia Oconek, beste behin: «Ez dugu ahaztu behar oso talde gaztea dela gurea, eta arraunlariek gorputza egokitu gabe daukatela. Arraunlarien erdia dira jubenilak, eta gainerakoak seniorrak, baina oso gazteak, 18-20 urtekoak».

Beste traineru batzuekin konparatuz, adin aldea «izugarria» dela adierazi du: «Bilboko estropada horretan, gure arraunlari helduenak 20 urte zeuzkan; eta beste traineru batzuetan, aldiz, gazteenak dauzka 20 urte».

Hori horrela, bazekiten hasieran trainerua «haundi» geratuko zitzaiela: «Bateletan emandako maila trainerura eramatea ez da erraza, denbora behar da. Baina oinarriak jartzeko balio izan digu denboraldi honek, hurrengoetara begira. Lana eta jarraitasuna, beste sekreturik ez dago».

Gainera, daukan taldearekin «harro» dago entrenatzailea: «estropada guztietan, gure traineruko 14 arraunlarietatik gutxienez 11 izan dira etxekoak, eta batzuetan 12 edo 13 ere bai. Hori oso berezia da, eta lortzeko oso zaila. Erakusten du etxeko jendeak gogoa daukala, eta maila ematen duela».

«Iaz baino azkarrago aritu gara, baina ETE Ligaren mailak koxka bat egin du gora»

Ligako azkeneko postuan bukatu arren, egindako lanarekin gustura dira taldean: «Estropadak oso gustura bukatu ditugu. Arraunlariei beti esaten nien, ez begiratzeko sailkapenari, geratzeko sentsazioarekin. Eta estropada askotan gozatu egin dugu, pozik bukatu dugu egindakoarekin».

Zentzu horretan, Oconek nabarmendu du beste traineruen mailak ere baldintzatu duela hernaniarren emaitza: «ETE Ligaren mailak koxka bat egin du gora aurten. Estropada batzuetan, gure aurtengo denbora alderatu dugu joan den urtekoarekin, eta azkarrago ibili gara, baina sailkapenean azkenak edo azkenaurrenak izan gara. Hortaz, denborarekin geratzen gara, eta badakigu txukun aritu garela». Gainera, animo aldetik «oso indartsu» izan dira Maialen traineruko arraunlariak, denboraldi osoan zehar, azkeneko postuetan sailkatuta ere.

Bi estropada nabarmendu di­tu Oconek, Maialenek bereziki on­do osatutakoak. Aurrenekoa etxe­koa, Hernaniko Bandera, abuztuaren 3an Orion jokatuta­koa: «Oso maila onean aritu ginen, eta zazpigarren sailkatu ginen». Eta bigarrena, joan den ostegunean Zarautzen jokatu zutena: «Azkenak izan arren, oso estropada ona osatu genuen. Aurreneko helburua da, guk gure maila onena ematea, eta gaindituko bagaituzte, izan dadila hobeak direlako. Eta horixe izan zen sentsazioa Zarautzen, geurea eman genuela eta besteak hobeak izan zirela».

Zarauzkoarekin lotuta, zorte txarrari ere egin dio aipamena Asier Oconek: «Lauko txandetan aritzea gustatzen zaigu gehien, baina aurten, ia beti tokatu zaigu laugarren kalean aritzea, eta ez da kale ona izaten. Pentsa, azkeneko asteotan hiru estropada jarraian jokatu ditugu txandatan, eta hiruetan laugarren kaletik. Gu ginen kale onaren laguntzatxoa gehien behar genuenak, besteekin borrokan aritzeko... eta alderantziz tokatu zaigu».

Kontxako sailkatze estropada, eta merezitako atsedena

Denboraldiko estropada berezienari begira daude orain: abuztuaren 29an jokatuko dute Kontxako sailkatze estropada. «Oso oso zaila da sailkatzea, baina polita izango da. Galiziarrak edota Euskotren Ligakoak ariko dira gurekin batera, eta ikusi ahal izango dugu zein den gure maila. Horixe izango da helburua, gure onena ematea eta estropadaz gozatzea».

Eta horren ondoren, merezi­tako atsedena hartuko dute arraunlariek: «Denboraldia luzea da, batelekin hasita. Beharrezkoa da deskonektatzea eta atseden hartzea, berriro ekin aurretik».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!