Kostata, baina lortu du: Urriza Buruz Buruko Txapelketako ligaxkara igaro da

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 19a, 00:00

Buruz Buruko ligaxkara sailkatzea lortu du Javier Urrizak.

30-25 irabazi zuen larunbatean aurreligaxkako azkeneko kanporaketa. Azpirozek markagailuan 24-25 aurrea hartu bazuen ere, 6-0ko partzial batek eman zion garaipena nafarrari. Zain ditu dagoeneko Ligaxkako hiru erremontariak.

 

Javier Urriza nafarrak irabazi du Buruz Buruko Txapelketako ligaxkara salto egiteko txartela. Giro ederra izan zen larunbatean, Hernaniko Galarretako frontoian, aurreligaxkako azkeneko kanporaketan. Partidu parekatua izan zen, eta Urriza denbora gehienean aurretik izan bazen ere, 6-0eko partziala egin behar izan zuen bukaeran, Xabier Azpiroz markagailuan 24-25 aurreratu eta gero. Partidu ez zen bukaerara arte erabaki, eta sakea izan zen gakoa. Urriza saketik hamabi tanto egitera ere iritsi zen, eta partzialeko azken sei tantoetatik hiru, saketik lortu zituen. Gainontzean, Azpiroz ondo moldatu zen aurrera eta atzera etengabe, baina sakean ezin izan zuen koxka gelditu. Hori bai, Uitziko atzelaria Urriza baino hobeto moldatu zen peloteoan eta oso ondo mugitu zen kantxan. Ondo sufritutako partidua izan zen, eta orain, ligaxkan zain dituen hiru erremontisten aurka jokatu beharko du nafarrak.

 

Ligaxka, ostegunetik aurrera

Zain egon ondoren, iritsi da ligaxkako erremontisten txanda: Imanol Ansa urnietarra, Aritz Juanenea saldiastarra eta Endika Barrenetxea hernaniarra. Orain, aurreligaxka irabazita, Javier Urriza gehituko da listara. Buruz Buruko Txapelketako ligaxkak sei jardunaldi izango ditu: abuztuaren 22an, 24an eta 29an; eta irailaren 7an eta 14an. Aste honetan izango dira lehenengo bi jardunaldiak, ostegunean eta larunbatean. Aurrenekoan, Imanol Ansa eta Javier Urriza izango dira aurrez aurre; bigarrenean, berriz, Aritz Juanenea, Endika Barrenetxearen kontra.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!