Urriza eta Azpiroz aurrez aurre gaur, Buruz Burukoan

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 17a, 00:00

Aurreligaxkako azken kanporaketa jokatuko dute, arratsaldeko 16:30etan Galarretan. Irabazlea ligaxkara sailkatuko da.

 

Galarretak egun haundia biziko du gaur, Javier Urrizaren eta Xabier Azpirozen arteko partiduarekin, arratsaldeko 16:30etan hasita. Irabazlea Buruz Buruko Txapelketa Nagusiaren ligaxkara sailkatuko da  eta gutxienez beste hiru partidu jokatuko ditu. Izan ere, ligaxkan zain daude Endika Barrenetxea, Aritz Juanenea eta Imanol Ansa. Galtzailea, berriz, erremonteko txapelketa nagusitik kanporatuta geratuko da.

Azpiroz aurkari oso gogorra izango da Urrizarentzat, bere sasoi egoera egiaztatu ahal izango da. Denboraldi polita osatzen ari da Iruñeko aurrelaria, eta sentsazio onak berreskuratu ditu, berarentzat apalagoa izan zen 2023 urtearen ondoren. Azpirozek, aldiz, aurrerapauso haundia eman du azken boladan, eta gero eta erremontista sendoagoa da. Urriza txapelketan noraino iritsi daitekeen jakiteko neurgailu ona izan daiteke gaurko partidua, eta Azpiroz noraino irits daitekeen ere ikusi ahalko da.

Beste bi partidu ere izango ditu gaurko jaialdiak: aurrenekoan, Gurrutxaga eta Goikoetxea VI, Irazuren eta Eskuderoren kontra; eta hirugarrenean, Ansa II eta Martirena, Jabaleraren eta Barrenetxea IVren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!