50 urte bete dira Hernaniko Ekintza dantza taldea sortu zenetik

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 17a, 00:00

Euskal dantza, musika eta kultura bultzatzeko asmoz sortu zen taldeak, 50garren urteurrena ospatuko du aurten. Irailaren 28an elkartze ekitaldi bat egitea da asmoa: urte guzti hauetan taldetik igarotako dantzariak elkartu eta garai bateko bizipenak gogora ekarriko dituzte.

Aurten bete da Hernaniko Ekintza dantza taldearen sorreraren 50garren urteurrena, eta hori dela eta, partaide izandakoen artean elkartze ekitaldi bat antolatu dute irailaren 28rako. Urte guzti hauetan taldetik igarotako dantzariak elkartu, eta garai haietako ekimenak eta bizipenak gogora ekartzea da asmoa.

Ekintza dantza taldea 1974an sortu zuten, euskal dantza, musika eta kultura bultzatzeko asmoz. «Garai hartan ahalegin haundia egin zen Hernanin, euskera eta euskal nortasunaren ezaugarriak berreskuratzeko», adierazi dute taldeko kide izandakoek. Giro hori baliatu zuten dantzariek beraien jarduna aurrera eramateko. Dantzariek, txistulariek, txaranga batek, abeslariek eta txalapartariek osatzen zuten taldea. Hernaniko eta Euskal Herriko lurralde ezberdinetako dantzak, janzkeraren historia eta musika-tresnak ikertzeaz gain, Hernaniko auzoetan eta inguruko hainbat herritan dantza eta musika emanaldiak ere antolatu zituzten. Bestalde, herriko talde ezberdinekin elkarlanean ere aritu ziren, ekitaldi ezberdinetan parte hartuz. Ekintzak antolatutako ekitaldien artean, Dantzari Astea zen ezagunena. Bertan, hainbat kultur ekitaldi eta zazpi lurraldetako dantza taldeen elkarretaratzea egiten zen. Era berean, antzerkia, dantza eta musika uztartzen zituen Zigor ikuskizuna ere sortu zuten.

 

Urteurreneko ospakizuna, Iparragirre sagardotegian

Urteurren borobileko ekimenaren antolatzaileek, belaunaldi ezberdinetako dantzariei dei egin diete, egun garrantzitsu honetan parte hartu eta elkarrekin garai bateko istorioak gogoratzeko: «Taldean parte hartu zenuten belaunaldi ezberdinetako kide guztiak, egingo den bilkurara gonbidatu nahi zaituztegu, eta lagun arteko giroan garai haietako esperientziak eta bizipenak gogoratu».

Irailaren 28an, eguerdiko 13:00etan, Iparragirre Sagardotegian jarri dute hitzordua. Bertan, aperitibo baten ondoren, argazki proiekzioa egingo dute, eta jarraian bazkaria. Izena emateko telefono zenbaki hauetako batera deitu behar da, irailaren 15a baino lehen: 657717675 edo 636032141.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!