Mahai-jolasak eta bingoa, gaur goizerako plana adinekoentzat

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 14a, 00:00

Euriaren kezkarik gabe eta asteroko zitari eutsiz, Atsegindegin elkartuko dira 10:00etan, jolasean aritzeko.

Giro tristea eta euria dago emana gaur goizerako, baina horri aurre egiteko plan aproposa izango dute adinekoek. Asteazkeneroko hitzorduekin jarraituz, Atsegindegin elkartuko dira goizeko 10:00etan, eta mahai-jolasetan eta bingoan ariko dira oraingoan, euriaren kezkarik gabe.

Hernaniko Udaleko Adinekoen Sailak antolatu du jolas saioa, udako programaren barruan, adinekoek sozializatu, parte hartu eta ondo pasatzeko gune bat izan dezaten. Asteazkenero prestatu du ekintza bana adinekoentzat, uztailean eta abuztuan. Orain arte, izan dute zineaz gozatzeko aukera, udalekuetako haurrekin belaunaldi arteko ekintzak egitekoa, Ereñotzura bisita kulturala, eta Hernaniko oinarrizko zerbitzu sozialei buruzko hitzaldia. Mahai-jolasetan eta bingoan ere aritu ziren uztaileko hirugarren astean, eta saioa errepikatuko dute gaur.

Beste bi ekintza ere izango dituzte abuztua bukatu aurretik. Datorren asteazkenean, hilaren 21ean, beste hitzaldi bat izango dute Biteri kultur etxean, goizeko 11:00etan hasita, zahartze aktiboari buruz. Eta abuztuko azkeneko astean, hilaren 28an, tailer bat eskainiko diete, makina bio-osasungarriak erabiltzen ikasteko. Atsegindegin izango da hori, goizeko 10:00etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!