Hiru estropada jokatuko ditu Maialenek, ligako azkeneko astean

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 14a, 00:00

Maialen trainerua, Ondarroako estropadan. Argazkia: Iñaki Suarez

Udako aste gogorrena izango du, bihar Plentzian hasita, ETE Liga bukatzeko. Zarautzen eta Bilbon ariko da asteburuan.

Katuaren eta xaguaren jolasean jarraitzen du Hernaniko Maialen traineruak, Ondarroarekin. Gaurkoan gu aurretik, biharkoan zuek. Azkeneko estropadan, joan den igandean, etxean aritu ziren bizkaitarrak, eta aurrea hartu zieten Ondarroako Banderan, hernaniarrak berriro zortzigarren postura atzeratuta. Lau segunduren tartea izan zen bien artean.

Horri buelta emateko aukera polita izango du Maialenek datozen egunetan, ETE Liga bukatuko den aste honetan. Udako aste gogorrena izango du, gainera: hiru estropada jokatuko ditu bihartik igandera; hiru aukera, koxka bat gora egin eta, Ondarroa ez ezik, beste traineruren bat ere gainditzeko.

Plentzian izango dute aurrenekoa, Amabirjin egunez, bihar goizeko 11:40etan hasita. Bi txandatan lehiatuko dira ETE Ligako traineruak, eta aurrenekoan ariko da Hernani, Ondarroa, Deustu eta San Juan parez pare dituela.

Zarautzen eta Bilbon, zita bikoitza asteburuan

Astean zehar estropada bat jokatzea nahikoa ez, eta asteburuan zita bikoitza izango dute arraunlariek, atseden egun bakarraren ondoren. Zarauzko Ikurriña jokatuko dute larunbat goizean, 11:00etan hasita. Horretan ere, bi txandatan ariko dira zortzi taldeak, sailkapenaren arabera banatuta.

Igandean, aldiz, erlojupeko proba izango dute Bilbon, Ane Aizpururen Oroimenezko estropadan. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da, eta bi luze osatuko dituzte Ibaizabal ibaian; udaletxeko zubitik Deustuko zubira eta buelta.

Kontxako sailkatze estropada, bi aste barru

Bilboko estropadarekin bukatuko dute liga hernaniarrek, baina beste zita bat izango dute bi aste barru. Hitzordu seinalatua, gainera: Kontxako Banderaren sailkatze estropada jokatuko du­te abuztuaren 29an.

Hernaniarrek oso zaila izango dute zortzi plazetako bat lortzea, denboraldiko estropada ga­rrantzitsuenean aritzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!