Mahai-jolasetan eta bingoan arituko dira adinekoak bihar

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 13a, 00:00

Asteazkeneroko hitzordua izango dute Atsegindegin, goizeko 10:00etatik aurrera, 65 urtetik gorakoek.

Uztailerako bezalaxe, abuzturako ere prestatu du ekintza sorta Hernaniko Udaleko Adinekoen Sailak, asteazken goizetarako. Hori horrela, bihar bertan izango dute hurrengo hitzordua, 65 urtetik gorako herritarrek, Atsegindegin. Oraingoan, mahai-jolasetan eta bingoan ariko dira, goizeko 10:00etatik aurrera. Partehartzea doakoa eta irekia da, eta nahi duten herritar guztiak bertaratu daitezke.

Bisita kulturalarekin hasi zuten hilabetea, joan den astean, Ereñotzura irteera eginda. Eta biharkoaren ondoren, hurrengo bi asteazkenetarako ere badaukate plana. Zahartze aktiboari buruzko hitzaldia izango dute abuztuaren 21ean, goizeko 11:00etan hasita, Biteri kultur etxean. Eta hilaren 28an, makina bio-osasungarriak erabiltzeko tailerra eskainiko dute Atsegindegin, goizeko 10:00etatik aurrera.

Ekintza horien helburua da, adinekoek «sozializatzeko, parte hartzeko eta ondo pasatzeko gune bat izatea», Adinekoen Sailak nabarmendu duenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!