Bero itogarriarekin, 24 minutu eta erdian jarri du marka Barrenetxeak

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 13a, 00:00

Malen Barrenetxea, aurtengo San Joanetako herri kirol erakustaldian.

15 urteko aizkolarien lehenengo marka ezarri du Malen Barrenetxea hernaniarrak, Leitzan, 24:31 denborarekin. Oztopoak oztopo, gustura geratu zen egindako lanarekin.

24 minutu eta 31 segundu. Denbora horretan gelditu zuen kronometroa Malen Barrenetxea Solanok igandean, Leitzan, 45 ontzako bosgarren enborrari azkeneko kolpea emanda. Horrela, aurreneko marka jarri du hernaniarrak, 15 urteko aizkolarientzat. Horixe izango dute bota beharrekoa aurrerantzean, aizkolari gazteenek.

Leitzako festetako herri kirol erakustaldiaren barruan aritu zen marka jartzeko lanean Barrenetxea, eta ez zen baldintza onenetan aritu. Termometroek 38 gradu markatzen zituztela, bero itogarriarekin osatu behar izan zuen lana, 45 ontzako bost enbor ahalik eta azkarren mozteko. Hori nahikoa ez, eta azkeneko egurrean adar begi bat izan zuen hernaniarrak, ahalegina nahi baino gehiago luzatu ziona. Edonola ere, egindako lanarekin gustura geratu zen aizkolari gaztea.

Duela hiru urte aizkoran hasi zenetik, pauso sendoz egin du gora Barrenetxeak, eta baita balentria haundiak lortu ere. Joan den ekainean, esaterako, Binakako Aizkolari Txapelketa irabazi zuen, Karmele Gisasola 'Zelai III'rekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!