Urumeako jolastokia eraldatzeko lanak, abuztuaren 19ko astetik

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 11a, 00:00

Urumea ikastolako jolastokian hasiko dira lanak.

Eremu naturalagoa eta jolas librea sustatuko duena sortuko da.

 

Datorren ikasturtean Urumea ikastolako ikasleek jolastoki berritua izango dute. Izan ere, jolaslekuaren eraldaketa lanak hasiko dira datozen egunetan.

Zementuzko patio nagusiaren diseinua eta espazioen erabilera eraberrituko dira. Horretarako, aurreko ikasturtean prozesu parte-hartzailea egin dute Urumea ikastolan. Han
jasotako beharrak, nahiak eta erronkak aintzat hartu dira jolastoki berriaren proiektua idazteko orduan.

Aldaketa nagusiak bi izango dira: Batetik, naturaren presentzia gehituko da patioan eta bestetik, kalitatezko harremanak eraikitzeko eta jolas librearekin sormena sustatzeko moduan berrantolatuko da jolastokia. Aterpean zein aterpetik kanpo egoteko eremuak sortuko dira eta mugimendurako jolas berri bat ere izango da. Horrez gain, Lizeaga auzoan dauden beharrak ere kontuan hartu dira espazioa diseinatzerakoan.
Bi hilabete pasatxoko aurreikuspena dute lan hauek eta 60.901,40 euroko aurrekontua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!