Jabalerak Martirena ere gainditu du eta gaur Azpiroz izango du aurkari

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 10a, 00:00

Buruz Buruko aurreligaxkako lehenengo partiduan 24-30 nagusitu da eta dagoeneko bost partidu irabazi ditu azken asteetan.

 

Jabalerak bosgarren partidua irabazi zuen, ostegunean, Buruz Buruko Erremonte Txapelketan, Martirena 24-30eko emaitzarekin gainditu eta gero. Aurreligaxkakako aurreneko partidua jokatu zuten eta Martirena kanporatu du aurrelari nafarrak. Bosgarren garaipenaren ondoren Azpiroz izango du aurkari gaur 16:30etan hasiko den jaialdiko hirugarren partiduan.

Buruz burukoa ederra jokatu zuten bi erremontariek. Partida gogorra izan zen, landua, peloteo askokoa eta bi pelotariek zuten dena eman zuten kantxan. Ikuskizun dotorea ikusi zen Galarretan. Etenaldi gutxi izan ziren eta partidu dinamikoa izan zen. 

Hamaikana arte partidu oso parekatua izan zen. Jabalera apur bat hotzago hasi zen eta inork ez zuen tarterik irekitzen, aurrelari gazteak lau tantoko aldea lortu zuen arte, 11-15. Martirenak ez zuen etsi eta partidua, berriz ere, berdindu zuen oraingoan 18na. 20-21era arte joan zen parekatua. 

Orduan eman zuen Jabalerak behin betiko kolpea, eta dena Martirenaren aurka jarri zen. Zorteak ez zion lagundu eta gaizki jokatu gabe 21-28 galtzera pasa zen. Hiru tanto bereak izan zitezkeen, baina zentimetro gutxigatik aurkariaren alde izan ziren. Borrokan jarraitu zuen, baina 24-30 galdu zuen.

Jabalerak zazpi tanto egin zituen saketik, Martirenak ordea bost. Sakea funtsezkoa zen Martirenarentzat partidua irabazteko, baina bi tanto gutxiago egin zituen. Atzelaria atzean errestatzen hasi zen, Jabalerak saketik bi tanto egin ondoren, eta ondo errestatu zuen. Oso akats gutxi izan ziren partiduan, bost eta lau hurrenez hurren. Jabalerak, azkenean, merezimenduz lortu zuen garaipena.

Gaur Azpirozen aurka exijentziak gora egingo du eta partidura joko hobearekin sartu beharko du. Azpiroz bezalako pelotariek ez dute barkatzen partidura ongi sartu ezean. Gaurko garaileak Urriza izango du aurkari hilaren 17an eta galtzailea kanporatua izango da

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!