Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Biltegiratze Sistemen ikerketa-taldeak «Baterietan oinarritutako energia biltegiratzeko sistemei» buruzko III. bilera zientifikoa antolatu zuen udara hasieran. Topaketa Galarreta campusean egin zen eta energiaren arloko Estatuko nahiz nazioarteko ikertzaileek, enpresek, zentro teknologikoek eta industria komunitateko adituek hartu zuten parte.
Topaketa litiozko baterien kudeaketan oinarritu zen; hau da, aztertu zen zer egin dezakegun egungo teknologia ahalik eta gehien aprobetxatzeko, haren prestazioak maximizatu, degradazioa minimizatu eta, azken batean, ahalik eta etekinik haundiena ateratzearren. Saioan, besteak beste gai hauek jorratu zituzten arloko adituek: BMS delakoan ezartzeko sistemak, baterien egoera zehazteko estrategiak eta kontrol optimoa lortzeko moduak.
Bi urtean behin egiten da, eta energia-biltegiratzearen arloko adituak biltzea du xede. Izan ere, arlo horretan urrats nabarmenak ari badira ere ematen, egungo bateriek hobetzeko tarte haundia dute oraindik; adibidez, jasangarriagoak izan daitezke, fidagarriagoak, eta energia-dentsitate haundiagoa izan dezakete.