Aitzol Arregik eta Idoia Esnaolak Joku Olinpikoetako ibilbidean korrituko dute

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 8a, 00:00

'Marathon Pour Tous' lasterketa herrikoia antolatu dute Parisen etzi 21:00etan, mutilen maratoiaren egun berean eta nesken maratoiaren ordu batzuk aurretik, eta bi lasterkariek dortsala lortu dute. 

Aitzol Arregi hernaniarrak eta CD Hernaniko Idoia Esnaola urnietarrak egun berezia biziko dute etzi Parisen. Marathon Pour Tous-Denentzako Maratoian parte hartuko duten 20.024 korrikalarietako bi izango dira, gaueko 21:00etatik aurrera. Parisko Joku Olinpikoekin batera antolatu den ekitaldia da korrikalari herrikoientzat, ibilbide berdinean eta Joku Olinpikoetako mutilen maratoia hasi eta 13 ordura eta emakumeen maratoia hasi baino 11 ordu aurretik.

Bi lasterketa izango dira hiriburuaren bihotzean, 2024ko Parisko Maratoiaren urratsei jarraituz eta Aitzol Arregi (53 urte) eta Idoia Esnaola (55 urte) maratoian arituko dira, ibilbide luzean. Inoiz ikusi gabeko gertakaria da, Joko Olinpiko eta Paralinpikoen aitzakipean inoiz ez baita "publiko guztiarentzako" probarik antolatu. 

20.024 partaide, 10.012 neska eta 10.012 mutil

Pour Tous maratoia esperientzia ahaztezina izango da partehartzaile guztientzat. Kirolari herrikoiek maratoiko ibilbide olinpikoan korritu ahal izango dute gauez, ahalik eta jende gehienak atleta nabarmenen pausoak jarraitzea ahalbidetuz. Aparteko esperientzia izango da hau, ibilbide berezi eta original batean.

Gauez korrituko dira, korrikalari guztientzako baldintza onenak bermatuz. Joko Olinpikoek bezala, Marathon Pour Tousen ere sexuen arteko parekotasuna bermatzeko konpromisoa hartu zuten. Beraz, emakume eta gizonezko kopuru berdina izango da irteeran, 10.012. Baldintza hori ere betetzen du Hernanik, Aitzolen eta Idoiaren partehartzearekin. 

Korrikalariek Boulogne-Billancourt, Sèvres, Ville d 'Avray, Versalles, Viroflay, Chaville eta Meudon hiriguneak zeharkatuko dituzte eta, azkenik, Issy-Les-Moulineaux-eko Sena ibaia inguratu eta Esplanade des Invalides-era iritsiko dira. Ibilbide historiko bat dago lasterkarien zain, Parisko eskualdeko monumenturik ederrenetan barrena.

Marathon Pour Tous-ek irauten duen bitartean, korrikalariei pizgarri musikala emango zaie. Ibilbidean zehar, korrikalariek zeharkatzen duten hirigune bakoitzean, musika talde ugarik eta haien doinu deigarriek lagunduko diote korrikalari taldeari, ibilbideko kilometro eta desnibelek aurrera egin ahala. Talde ezagunak izango dira eta musika mota ezberdina joko dute ibilbideko eremu ezberdinetan.

Frantziako historiaren eta Frantziako Iraultzaren une garrantzitsu bat omenduko du: 1789ko urriaren 5eko Versaillesko Emakumeen Martxa. Martxa hau Frantzia garaikidearen historiako gertakari iraultzaile bat izan zen, milaka emakume Versaillesko Luis XVI.a erregearen jauregira joaten ikusi zituena, bera eta bere familia Parisera itzultzera behartuz, non jendea goseari aurre egiten ari zitzaion. Luis XVI.ak ez zuen berriro Paristik alde egin, eta Giza eta Hiritarren Eskubideen Adierazpena sinatu zuen, lehenago ere egin nahi izan ez zuena.

Dortsala lortzea oso zaila izan da

Hori izan zen Idoia Esnaolak erabili zuen argudioa bertan partehartzeko. «Duela urte batzuk Parisko Joko Olinpikoekin batera herri-maratoi bat jokatuko zela iragarri zutenean bertan egon nahi nuen. Eta dortsala lortu nuen horretarako itxaropen gutxi nuenean». 

Dortsalak ezin ziren erosi. Erronkak antolatu zituzten, probak... eta zozketak egin zituzten, baina ez zegoen modurik lortzeko. Idoiaren ahizpak, Eva Esnaolak, otsailean jakin zuen Bridgestonek, neumatikoen markak, Jokoen babesle zenez, hamar dortsal zozkatuko zituela herri-maratoirako. Idatzi bat bidali behar zen zergatik egin nahi zenuen parte hartu. kontatuz. 

«Martxoan deitu zidaten dortsala irabazi nuela esateko. Ibilbideaz idatzi nuen, izugarri gustatzen zitzaidalako 42,195 kilometro horietan Frantziako Iraultza hasi zuten okindegiko emakumeak omentzea. Eta, noski, merezi dudalako, atletismoari egunez egun ematen diodan guztiagatik». Idoia Parisera joango da bere ahizpa Evarekin eta bihar iritsiko dira. Larunbata goizean gizonen maratoia ikusiko dute eta gaueko 22:10etan iritsiko da Idoiaren txanda. Bost eta sei ordu artean egitea espero du. Lo gutxi egingo duela dio, igandeko 08:00etan elite mailako emakumeak irteten direlako. 

Aitzolek lehenengo maratoia aurretik igeri eta bizikletan egin gabe 

Aitzol Arregi hernaniarra triatloilaria da duela 35 urtetik eta urrian Munduko Ironman Txapelketara doa, Hawaiira. Ez da bere lehenengo esperientzia izango Hawaiiko trialtoi ospetsuan. Aurretik Parisko maratoia herrikoi honetan hartuko du parte, nahiz eta inoiz ez duen soilik maratoirik egin. «Askotan egin dut distantzia hori, baina beti igeri egin ondoren eta bizikletaz egin ondoren. Ez dut inoiz maratoi bat bakarrik korritu», dio 2007tik Ironmanak (3500 metro igeri, 180 kilometro bizikletan eta maratoia korrika) egiten dituen hernaniarrak. Gauez korrika egingo dute eta horrek beroari aurre egiteko egokiagoa da. Aitzolen helburua hiru ordutik jaistea da. 

Arregik ere ez zuen lortu dortsala antolatzaileek proposatutako erronken bidez. «Jakin nuenean berandu zen», aitortu du. Familian Jokoak ikustera joatea erabaki zuten. Bi atletismo saiotara joango dira estadiora. Bila hasi zen ea dortsala erosteko modurik ba ote zegoen. Ezin zela ikusi zuen eta Jokoen babesleen zerrenda bilatu zuen. Eta idazten hasi zitzaien. Azkenean, Allianz Segurosen bat oparitu zioten. Ilusioa egiten dio (eta asko) Paris 2024an herrikoi gisa korritu ahal izateak. Hamar egun inguru egongo dira Frantziako hiriburuan, giroaz gozatzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!