Abuztuaren 24an izango da presoen aldeko futbol 7 txapelketa, Zubipen

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 5a, 00:00

Goizeko 08:30etan jarri dute lehenengo hitzordua, Zubipen.

Egun osoko egitaraua prestatu dute larunbat horretarako, eta dagoeneko zabalik dago izenematea.

Abuztuaren 24an jokatuko da aurtengo presoen aldeko futbol 7 txapelketa. Egun osoko egitaraua prestatu dute, eta dagoeneko zabalik dago apuntatzeko epea.

Herritar asko elkartu ohi ditu abuztu amaierako txapelketak, eta talde ugari izango dira oraingoan ere. Goizeko 08:30etan jarri dute lehenengo hitzordua, multzoak osatu eta txapelketako koadroa egiteko. Lehiaketa ordu erdi beranduago hasiko da, goizeko 09:00etan, eta talde kopuruaren arabera aldatuko den arren, eguerdira arte iraungo dute partiduek.

Kirol saioan ondo izerditu ondoren, indarberritzeko tartea ere izango dute jokalariek. Eguerdiko 14:30etan herri bazkaria izango da Atsegindegin, eta bertan egingo dute sari banaketa. Ondoren, Andoni Ollokiegi abeslaria arduratuko da bazkalostea girotzeaz, eta kale buelta musikatuarekin borobilduko dute arratsaldea.

Guztira hiru sari banatuko dituzte: lehenengo bi sailkatuena eta zozketaz erabakitako taldearena. Laguntzaileak Tripontzi jatetxea, Oialume Zar sagardotegia eta Larre Garin sagardotegia dira; hortaz, bertako otorduak irabazteko aukera izango dute lehiakideek.

Bazkarira edo txapelketara bakarrik joan nahi duten horiek 10 euro ordaindu beharko dituzte izena emateko. Egun osoko plana egin nahi dutenek, berriz, 15 euro.

Izena emateko hiru modu ahalbidetu dituzte antolatzaileek: Garin tabernara joanda, @futbol7hernani instagram kontura idatzita eta 608 74 52 67 telefono zenbakira idatzita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!