Iraileko lehenengo egunean Irulegiko aztarnategia ezagutzeko aukera izango dute hernaniarrek. Udalak bisita gidatua antolatu du bertan, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, Biteri Kultur Etxean.
Interesa duten herritarrek autobuseko bidaia eta aztarnategian sartzeko 5 euroko txartela ordaindu beharko dute, eta autobuseko eserlekuak betetzen diren arte egongo da zabalik inskripzioa.
Behin Irulegiko aztarnategira iritsita, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak arduratuko dira inguruko xehetasunak azaltzeaz. Aztarnategian barrena egingo dute bisita gidatua.
Hernaniko Udaletik nabarmendu dute aukera ederra dela aztarnategia ezagutzeko: «Irulegiko aztarnategi arkeologikoa Nafarroako Aranguren ibarrean kokatua dago. Burdinaren Lehen Aroan datatua dago eta baskoien lurraldea ezagutzeko aukera paregabea da».