Zikuñagako eta Akarregiko biribilguneen artean dagoen bidearen asfaltazio lanak bukatuta daude. Ostegunean txukundu zuten eremua, eta errepidea segituan ireki zuten berriro.
Aste honetan jarraipena izango dute asfaltazioek Hernanin, Zikuñagatik Antziolara lekualdatuko baitira langileak. Bihartik ostegunera arte Antziola kalean arituko dira, eta horrek eragina izango du trafikoan zein Hiribus zerbitzuan.
Egun horietan Antziola 10 eta 17 geltokiak bertan behera geratuko dira. Hortaz, Hiribus zerbitzua erabiltzen dutenek inguruko beste geltoki batera joan beharko dute.
Antziola kalearekin bukatzen dutenean, abuztuko plangintza jarraituz, Karobieta kalean eta Elkano kalean egingo dituzte hurrengo eskuhartzeak.