Porrotxek eta Marimototsek emanaldia eskainiko dute Hernanin irailaren 7an

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 3a, 00:00

Arratsaldeko 18:00etan izango da Porrotxen eta Marimototsen emanaldia.

Hernani Rugby taldeari laguntzeko antolatu dute saioa, eta sarrerak dagoeneko salgai daude.

 

Irailaren 7an Atsegindegira iritsiko dira Porrotx eta Marimotots pailazoak. Arratsaldeko 18:00etan izango da emanaldia, eta sarrerak dagoeneko salgai daude Kutxabank webgunean. Aurtengoan ere Hernaniko Errugbi Elkartearekin elkarlanean antolatutako saioa izango da.

Katxiporretako pailazoek 'Ez gara jaitsiko!' ikuskizuna ekarriko dute Hernanira. «Bidaia honetan, gure txikiek Yumi ezagutuko dute. Yumi Amazoniako oihanean bizi den neskatila aborigena da, eta hango bizitza eta mehatxuak kontatuko dizkigu. Bidaia honetan, Euskal Herritik Amazoniara zuhaitzez zuhaitz jauzi eginez, munduko hainbat lekuetatik pasako gara», azaldu dute.

Oso arrakastatsua izan ohi da urtero antolatutako saioa, eta aurtengoan ere aukera paregabea izango dute etxeko txikienek ikuskizunaz gozatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!