Hilabete luzearen ondoren, bukatu da Papelera Zikuñaga esku pelota txapelketaren VI. edizioa. Asteartean eta asteazkenean jokatu zituzten final haundiak, eta erabakita geratu da kategoria bakoitzeko bikote txapelduna. Erakargarriak izan ziren finalak, eta txapelketa guztian bezalaxe, maila haundian jokatu zuten pelotariek. Finalisten artean bailarako zenbait pelotari zeuden, eta horietako askok lortu zuten txapela etxera eramatea.
Astearteko jardunaldian lehenengo partidua izan zen parekatuena, 16 urtez azpiko neskena. Maialen Esnal hernaniarrak, Oiarpeko Larraitz Galardirekin batera, 18-17 menderatu zituen Maria Balerdi (Zazpiturri) eta Janire Sotil (Larraun). Jaialdiko beste bi norgehiagoketan, ordea, hasiera hasieratik nagusitu ziren bikote garaileak. Kadete Urrea mailan Markel Salaberria eta Julen Salaberria anai goizuetarrek aukerarik gabe utzi zituzten Haritz Etxabe (Bergara) eta Aimar Beroz (Gazteleku). Hasieratik lortu zuten aldeak haunditzea, eta 22-8 irabazten amaitu zuten. Emaitza bera izan zen Jubenil Urrea mailako finalean; Joanes Cestau (Behar Zana) eta Oier Azpeitia hernaniarra izan ziren garaileak, Aritz Olaizolak (Abantzu) eta Axel Lasak (Oiarpe) osatutako bikotearen aurka.
Orokorrean parekatuagoak izan ziren San Inazio eguneko finalak. Kadete Zilarra mailan Eneko Bidezabal (Gazteleku) eta Oier Arsuaga hernaniarra izan ziren garaileak, Amets Makatzaga hernaniarrari eta Unax Oiartzabali (Oiarpe) 22-14 irabazita. Jubenil Zilarra kategoriako finala, berriz, Jokin Bidezabalek (Gazteleku) eta Martin Alberdi hernaniarrak irabazi zuten, 22-18, Unax Pascual hernaniarraren eta Urko Otaegiren (Behar Zana) kontra. Nagusietan, Julen Alberdik eta Iñigo Labaka hernaniarrak jantzi zuten Urrezko mailako txapela, Aitor Altuna (Tolosa) eta Ibon Aranalde (Ospele) menderatuta (22-12). Azkenik, Zilarrezko mailako finalean Julen Deskarga hernaniarra eta Joseba Aranburu (Ospele) izan ziren garaileak, Beñat Gorostidiri (Zazpiturri) eta Erlaitz Iriarteri (Oiarpe) 22-12 irabazita.
Sari banaketa ekitaldietan Xabier Apaolazak eta Mikel Zugastik ordezkatu zuten Hernaniko pelota kluba, eta haiekin batera bertan izan ziren Hernaniko Udaleko kirol saileko zinegotzia, Axier Mingo, eta Iker Salaberria Goizuetako pelotari profesionala.
Esker oneko mezua laguntzaile guztientzat
Pelota klubetik oso eskertuta agertu dira ingurutik jaso duten laguntzarekin, eta ondorengo mezua helarazi nahi izan diete modu batera edo bestera txapelketaren parte izan direnei: «Esku pelota klubak eskerrak eman dizkie Papelera Zikuñaga babesleari eta Hernaniko Udalari, txapelketa hau antolatzeko emandako laguntzagatik. Eta baita gainerako babesleei ere, eta modu batera edo bestera pilota klubari laguntzen dioten herritar guztiei, urtean zeharreko ekintzetarako ezinbesteko sostengua ematen baitute guztiek».
Hilabete gogorraren ondoren, atsedena hartzeko unea iritsi zaie klubeko kideei. Abuztuan indarrak hartu eta ikasturte berriarekin batera ekingo diote denboraldiari.
VI. PAPELERA ZIKUNAGA
TXAPELKETAKO FINALAK
EMAITZAK
16 URTEZ AZPIKO NESKAK
M. Esnal - L. Galardi 18
M. Balerdi - J. Sotil 17
KADETE URREA MUTILAK
A. Etxabe - A. Beroz 8
M. Salaberria - J. Salaberria 22
JUBENIL URREA MUTILAK
J. Cestau - O. Azpeitia 22
A. Olaizola - A. Lasa 8
KADETE ZILARRA MUTILAK
E. Bidezabal - O. Arsuaga 22
A. Makatzaga - U. Oiartzabal 14
JUBENIL ZILARRA MUTILAK
U. Paskual - U. Otaegi 18
J. Bidezabal - M. Alberdi 22
NAGUSI URREA MUTILAK
A. Altuna - I. Aranalde 12
J. Alberdi - I. Labaka 22
NAGUSI ZILARRA MUTILAK
B. Gorostidi - I. Iriarte 12
J. Deskarga - J. Aranburu 22