III. Hernaniko Bandera izango da 'Maialen' traineruaren hurrengo erronka

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 2a, 00:00

'Maialen' traineruaren argazkia Sestaoko estropadan.

Orion egingo dute estropada, larunbatean, arratsaldeko 15:30etan hasita. 

 

Erronka bereziari egingo diote aurre asteburu honetan 'Maialen' traineruko arraunlariek. III. Hernaniko Bandera dute begi-bistan, larunbat honetan jokatuko baita Orion, Oria ibaian. Estropadan bi luze eta ziaboga bat egin beharko dituzte traineruek, eta Hernaniko Arraun Elkartetik esker ona adierazi diote Orio Arraunketa Elkarteari, proba antolatzeko laguntza eskaintzeagatik. 

Asier Ocon entrenatzaileak adierazi du arraunlariak oso motibatuta daudela larunbateko estropadarekin: «Gure estropadan dugun hoberena emango dugu, beti egiten dugun bezala». Horrekin batera, etxeko estropada izanik, garrantzitsutzat jo du herritarren babesa sentitzea: «Nire izenean eta traineruko neska taldearen izenean Hernaniko herriari gonbita luzatu nahi diot etxean duzuen elastiko berdea jantzi, Orion azaldu, eta 'Maialen' gogotsu animatzeko. Neskek asko eskertuko dituzte zuen animo eta txaloak». 

 

Jarritako helburuak lortzen ari da Hernani

Denboraldiaren bigarren zatira iritsi berritan, orain arteko lanaren balorazioa ere egin du Oconek. Entrenatzaileak nabarmendu du, emaitzetan islatzen ez den arren, hasieran finkatutako helburuak betetzen ari dela taldea: «Gure helburuak betetzen ari gara. Ekainean mailara egokitzea zen helburua. Uztailean hori guztia nork bere egin, estropadei neurria hartu eta gozatzen hastea zen xedea. Eta lortu dugu. Traineruko partaideek arraun heldutasunean asko egin dute gorantz».

 

Segundo Alejos gogoan

Kirol adierazpenekin batera, Hernaniko Arraun Elkartetik doluminak helarazi nahi izan dizkiete Segundo Alejos taldeko arraunlari ohiaren senide eta gertukoei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!