Jai Alai Summer Season txapelketa bukatu berritan, lehiatzen jarraitzeko aukera izango dute Oriamendiko erremontariek. Pasa den astelehenean aurkeztu zuten Jai Alai Zarautz Erremonte Txapelketa, eta gaurtik igandera bitartean jokatuko dituzte partidu guztiak. Jaialdiak Zarauzko Aritzbatalde frontoian izango dira, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
Bi txapelketa paralelo izango dira oraingoan ere, A taldea eta B taldea bereizita. Lehenengo mailan punta puntako erremontariak arituko dira, eta honela osatu dituzte bikoteak: Ansa II eta Juanenea, Ezkurra II eta Barrenetxea IV, Urriza eta Larrañaga eta Aldabe eta Azpiroz. Lehenengo bi bikoteek jokatuko dute gaurko partidua, eta ondorengo biek biharkoa.
B taldeari dagokionez, bikote hauek osatzen dute Zarauzko txapelketa: Jabalera eta Apezetxea, Gurrutxaga eta Zaldua I, Segurola eta Zubiri eta Goikoetxea V eta Martirena. Kasu honetan ere bi finalaurreko jokatuko dituzte, lehenengoa gaur eta bigarrena bihar.
Asteleheneko aurkezpenean Oriamenditik nabarmendu zuten gaur egun osatu daitezkeen zortzi bikoterik onenak egin dituztela. Hortaz, goi mailako txapelketa bat izatea da aurreikuspena.
Txapelketa laburra bezain erakargarria
Despistatzeko tarterik ez dute izango erremontariek txapelketa honetan; izan ere, asteburu bakarrean erabakiko dira garaileak. Finalaurreko partiduak 15 tantuko bi setetara jokatuko dituzte; bikote bakoitzak set bat irabazten duen kasuetan 8 tantura jokatuko dute desenpatea. Partidua irabazten duten bikoteak zuzenean sailkatuko dira igandeko final haundira.
Dinamika onean dauden erremontariak, faborito
Txapelketa laburretan ez da erraza izaten faboritoak identifikatzea; hala ere, azken txapelketetako joerak ikusita, dinamika bikainean iritsiko dira zenbait erremontari gaurko eta biharko partiduetara.
Ansa II eta Juaneneak, Summer Season txapelketan egin duten modura, elkarrekin jokatuko dute Zarautzen. Finalean irabaztea lortu ez zuten arren, oso ondo ulertzen dute elkar, eta bikote arriskutsua osatuko dute, are gehiago bakoitza bere postura itzulita.
Bestalde, Urriza eta Barrenetxea IV.a banandu badituzte ere, nor bere bikotearekin garaipena lortzeko hautagai argiak izango dira.
JAI ALAI ZARAUTZ ERREMONTE TXAPELKETA ZARAUTZ GAUR, abuztuak 2 A MAILAKO TXAPELKETA B MAILAKO TXAPELKETA BIHAR, abuztuak 3 A MAILAKO TXAPELKETA B MAILAKO TXAPELKETA ETZI, abuztuak 4 A MAILAKO TXAPELKETA B MAILAKO TXAPELKETA Partidu guztiak Zarauzko Aritzbatalde pelotalekuan jokatuko dituzte, arratsaldeko 18:00etan hasita. |