«Hernaniarrei udan aisialdiarekin lotutako programazioa eskaintzea, eta eskaintza hori kanpoko gune batean izatea». Bi helburu horiek finkatu zituen Aitor Huizi Hernaniko Kultura zinegotziak Uda Parkean jaialdiaren aurkezpenean, eta herritarrek bat egin dute aurtengoan ere prestatutako egitarauarekin.
Uztailaren 25etik 27ra ekintza eta jarduera ugari izan ziren Ave Maria parkean, eta guztietan parte hartzea haundia izan zen. Jarduera parte hartzaileetan gustura ibili ziren gaztetxoak, eta jolasten aritu ondoren asko eta asko geratu ziren txundituta zirku emanaldiekin.
Gaueko jardueretan jende helduxeagoa joan zen Ave Mariara, Janus Lesterren, Aldapeko Basque Latin Jazz eta Verdini dantza taldearen ikuskizun bereziaz gozatzera.
Orokorrean, eguraldiak jarduera gehienak errespetatu zituen. Hala ere, larunbatean Atsegindegira lekualdatu behar izan zuten Markelineren Artilusio antzerkia.
Uda Parkean jaialdia 2016an antolatu zuen lehenengoz Hernaniko Udalak, eta nabarmendu dute «egonkortutako» jaialdia dela dagoeneko.