Atzoko jaieguna ondo baino hobeto aprobetxatu zuten bailarako herritar ugarik. Uztaila bukatzearekin batera, San Inazio egunez, festa ederra izaten da Santa Barbaran, eta aurtengoan ere giro polita sortu zen ermita azpiko eremuan.
Goizeko 11:00ak aldera hasi ziren goiztiarrenak Santa Barbarara igotzen, Eider Garro eta Elaia Diaz trikitilarien saioa hasi eta segituan. Eguerdian gogor jotzen zuen eguzkiak, eta bertaratutakoek azkar jarri zituzten barrako sagardo botilak dantzan.
Omenaldia eta lore eskaintza egin zituzten lehenik, bertso eta dantzarekin. Eguerdian, berriz, meza izan zen Santa Barbarako ermitan bertan.
Jende gehiena 13:00ak aldera igo zen festa eremura, orduan hasi baitzen bailarako gazteen arteko herri kirol proba. Kimetz Oinederrak (aizkoran), Oihana Fernandez de Barrenak (aizkoran), Andoni Saizarrek (harrijasotzen) eta Suharri Rodriguezek (txingetan) osatu zuten lehenengo taldea, eta Maika Aristegik (aizkoran), Igoin Pikabeak (aizkoran), Elene Alkortak (harrijasotzen) eta Iraitz Arrutik (txingetan) bigarrena.
Oso parekatua izan zen bi taldeen maila, eta kosta egin zitzaien aldeak haunditzea. Txingetako proba izan zen ikusgarriena, esku bakoitzean 36 kiloko txinga hartu eta sei plaza egin behar baitzituzten gazteek.
Apustua fotofinishean erabakiko zela zirudien. Azkeneko proban, ordea, korrika saioa egin zuten kirolari guztiek batera, eta orden haundirik ez zegoenez, ez zen argi geratu zein taldek amaitu zuen aurreneko postuan. Hortaz, enpate.
Postuak postu, pozik amaitu zuten eguerdia zortzi gazteek, eta ondo izerditu ondoren jaitsi ziren Elutxetako herri bazkarira.
Festak jarraipena izan zuen bazkalostean
Bapo bazkaldu zuten Elutxetan elkartutako 70 lagunek, eta behin indarrak hartuta, festa giroak jarraipena izan zuen bazkalostean.
Bertso saioa izan zen lehenik. Antton Garinek Kronikari eskainitako elkarrizketan aipatu zuen lehen batari eta besteari ilea hartzen aritzen zirela bazkalosteko saioan, ba aurtengoan ere halaxe izan zen. Eguneko errepasoa egin eta kontu kontari aritu ziren Pagola eta Rekondo ordubeteko saioxkan.
Ondoren, festa ondo bukatzeko, trikitilariek hartu zuten bertsolarien lekukoa. Pieza ezagunak jo zituzten Elutxetako kupeltegian, eta jendeak ez zuen zalantzarik egin sarrera dantzaleku bilakatzeko.