«Lehenengo plazan oso urduri egon nintzen aurretik, orain lasaiago eta gogotsu noa»

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 31a, 00:00

Elene Alkortak Osiñagako jaietan egin zuen lehenengo plaza.

Osiñagako jaietan egin zuen lehenengo plaza Elene Alkorta hernaniarrak. Harrijasotzen duela urtebete hasi zen, eta pixkanaka ikasten eta hobetzen joatea da bere nahia. Gaur eguerdian Santa Barbaran arituko da.

Santa Barbaran egingo duzu zure bigarren plaza. Gogotsu al zaude gaurko saiorako?

Bai, gogotsu nago. Lehenengo plazarekin konparatuta, orain badakit nola joango den guztia. Aurrekoan nahiko urduri egon nintzen probaren aurretik, baina oraingoan askoz ere lasaiago nago. 

 

Lehenengoan asko kostatu zitzaizun urduritasunak apaltzea?

Bai, dexente. Aurretik nahiko urduri egon nintzen, astebete edo. Baina behin lanean hasita oso ondo sentitu nintzen, taldekideek ere lagundu ninduten. Oraingoan askoz ere lasaiago nago; badakit harria dominatzen dudala, eta egun txarra izanda ere altxatzea lortuko dudala. 

 

Zeintzuk dira gaurkoan egin beharreko lanak? 

Taldeka banatuko gara elkarren aurka aritzeko. Harrijasotzaileon kasuan, Osiñagan egin genuen lan berbera izango da. Lau buelta egin behar ditu talde bakoitzak, eta guk buelta bakoitzean sei jasoaldi eman behar dizkiogu harriari; nik 75 kiloko kopari eta Andoni Saizarrek 75 kiloko bolari.

 

Osiñagan egin zenuen lehenengo plaza. Aho zapore goxoa utzi zizun?

Bai, oso ona. Hasieran harriak irrist egiten zidan, eta orduan arduratzen hasi nintzen. Baina behin lanean hasita ez zidan alde egiten, eta azkeneko txanda izan zen nire jasoaldirik onentsuena. 

 

Nolatan hasi zinen harrijasotzen? 

Iazko Portuko jaietatik dator kontua. Erakustaldia ikustera joan ginen, eta familiakoen artean kontu kontari aritu ginen ea bertako harriak altxatzeko gai ginen ala ez. Egun horretan Xabier Barrenetxearekin hitz egin genuen eta han probatu nuen lehenengo aldiz 100 kiloko bola. Gero nire kontaktua pasa nien eta geroztik asteartero elkartzen gara entrenatzeko. 

 

Bailarako gazte dexente dabiltza herri kiroletan. Probatzen hasteko lagungarria da hori, ezta? 

Gertuko jendea ikusita errazagoa da animatzea, gertuago sentitzen duzulako kirola bera. Nik normalean Andoni Saizarrekin eta Andoni Mujikarekin entrenatzen dut, eta orain Enara Arruti ere etortzen hasi da. Gure artean giro oso ona daukagu. 

 

Helbururik finkatu duzu epe ertain edo luzera?

Hasieran ez nuen uste gehiegi jarraituko nuenik, baina ikusi dut gustatzen zaidan eta moldatzen naizen kirola dela. Horrela jarraitu nahi dut, helburu zehatzik gabe, baina hobetzen. Ikasten segi nahi dut, pisu gehiago altxatzen joan, eta ikusiko dugu nora heltzen garen.

 

Eguraldia lagun, giro ederra sortuko da gaur Santa Barbaran

Goizeko 11:00etan hasiko dira jarduerak, eta arratsaldera arte luzatuko da festa, bazkaloste luzearekin. 

 

Santa Barbarako ermitaren inguruan festa giroa nagusituko da gaurko egunez. San Inazio jaiak hernaniar eta inguruko biztanle asko eramango ditu bertara, eta egitarau dotorea prestatu dute aurten ere. 

Trikitilariak arduratuko dira egunari hasiera emateaz, eta lore eskaintzarekin, omenaldiarekin eta mezarekin jarraituko du egitarauak. 

Eguerdiko 13:00ak aldera hasiko da lehenengo bertso saioa, eta bailarako herri kirolari gazteek hartuko dute lekukoa segidan. Erreleboka arituko dira, aizkoran, harrijasotzen eta korrika, eta taldeei erreparatuta lehia estua izatea da aurreikuspena. 

Goizean izerdi nahikoa botata, Elutxeta sagardotegian indarberritzeko aukera izango da herri bazkarian. Bazkalostea ere luzatuko da.

 

SAN INAZIO EGUNA

HERNANI, SANTA BARBARA

GAUR

11:00 Eider Garro Iraola eta Elaia Diaz Beroz trikitilariak.

11:30 Lore eskaintza.

11:45 Omenaldia.

12:00 Meza.

13:00 Bertso saioa: Eli Pagola eta Andoni Rekondo.

Jarraian herri kirol saioa.
Kimetz Oinederra, Oihana Fernandez de Barrena, Igoin Pikabea, Maika Aristegi, Andoni Saizar, Elene Alkorta, Iraitz
Arruti eta Suharri Rodriguez.

14:30 Herri bazkaria Elutxeta sagardotegian: fritoak, bakallu tortila, entsalada, kostila, gazta, intxaurrak, kafia... 30 euro.

Bazkalostean, bertsolariak eta trikitilariak.

 
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!