«Herriko eta inguruko jendearekin elkartzeko eta hitz egiteko egun ederra izaten da biharkoa»

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 30a, 00:00

40 urte luzez aritu zen Antton Garin San Inazio egunak bertso bidez alaitzen. Festak izan duen bilakaera gertutik ezagutzen du, eta garai bateko zein oraingo kontuak errepasatu ditu Kronikarekin.

Urte asko daramatzazu San Inazio egunean Santa Barbarara joaten. Oroitzapen asko izango dituzu...

Santa Barbara 10 urterekin edo hasi nintzen ezagutzen. Adin horrekin hasi ginen Hernanitik gora igotzen, bertan jolasteko eta lasai ibiltzeko. San Inazio eguneko festarekin lehenengo kontaktua gurasoen eskutik egin nuen, denok egiten genuen modura erromerira joaten ginen, bazkaria etxetik eramanda. Modu horretara ezagutu nuen bertako giro hori, eta handik urte batzuetara buruz sartu nintzen festan. Hernaniko lehenengo Bertso Eskola sortzen hasi ginen urte horietan, eta gure aurreneko plazak bertan egin genituen. 1974 eta 1978 urteen artean izan zen hori. Gure mailan aritzen ginen, ez zen maila haundia, baina gustura abesten genuen bertan. Sei lagun inguru izaten ginen bertsotarako, ia txanda eskatu beharrean, eta urtero deitzen gintuzten bertara joateko. Orain baino sasoi hobearekin igotzen ginen orduan, bihar makilarekin igo beharko dugu. 

 

Makilarekin bada ere, oraindik festaz gozatzeko prest, ezta? 

Bai bai, hori bai. Gustura joaten naiz festa eta giroa ikustera. Lehen barruan ibiltzen ginen eta orain kanpotik ikusten dugu. 

 

40 urte luzez aritu zinen bertan bertsotan. Zer hartu behar du kontuan bertsolariak horrelako festa batean? 

Guk meza bukatu orduko egiten genuen lehenengo saioa, eta bertan aritzen ginen apaiza gora eta apaiza behera, jendeak barre pixka bat egin zezan. Ez genuen ezer seriorik egin nahi, eta animatzeko tankera hartzen genuen bertan, eguraldiari buruz hitz egiten edo iristeko igo beharreko aldapari buruz kantatzen. Gero behean kirolarien artean aritzen ginen, eta bazkalostean egiten genuen azken saioa. Hor sortzen zen giro ederrena, eta batari eta besteari ilea hartzeko aprobetxatzen genuen. 

 

Hori egiteko garrantzitsua izango da aurretik jendea ondo ezagutzea...

Bai, baina han denok genuen elkarren berri. Guk geneukan taldean, bertsotan hasi ginen horiek, Hernaniko auzo guztietan abesten genuen. Bertsotan, harrijasotzen eta aizkoran aritzen ginen taldeko kideak, hamar lagun inguru ginen guztira, eta auzoz auzo aritzeko aukera izan genuen orduko hartan. Santa Barbaran jende antzekoarekin elkartzen ginen, aurretik ezagutzen genituen, eta bagenekien nondik nora zebilen bakoitza ilea pixka bat hartzeko. 

 

Aurreko elkarrizketaren batean aipatu izan duzu lehen Hernani hutsik geratzen zela San Inazio egunean. 

Bai, hori egia da. Garai haietan nahitaezkoa zen Santa Barbarara igotzea, eta ahaztuta geratzen ziren hondartza, mendia eta bestelako kontuak. San Inazio eguna zen, eta Hernaniko plazatik txistulari bandarekin poliki poliki abiatzen ginen gora. Orain ohitura hori pixka bat jaitsi da, baina antolatzaileak ahalegintzen ari dira festa bizirik mantentzeko eta indartzeko. 

 

Kartela herriko musikari, bertsolari eta kirolari gazteekin osatu dute. 

Eta oso seinale ona da hori. Duela 40 urte ere denok ginen Hernanikoak. Aizkolariak, harrijasotzaileak, sei bertsolari inguru... Horrelaxe izaten zen. Orain ere denak herrikoak dira, eta herriko jendeak beti ekartzen du atzetik herria. Inguruko jendea mugitzen laguntzen du, eta hori oso ona da. 

 

Nolako giroa sortuko da biharko egunez? 

Egun berezia da hernaniarrentzat. Badago jendea urtean behin bakarrik elkartzen dena, San Inazio egunez. Elkartzeko eta hitz egiteko egun ederra izango da.

 

Azken lekuak geratzen dira Elutxetako herri bazkarirako

Izena eman nahi dutenek Elutxetara deitu behar dute. Goizean zehar pintxoak eta edariak izango dira Santa Barbaran.

San Inazio eguneko ohiko festa egingo dute biharko egunez Santa Barbaran, eta herri bazkarira joateko azken lekuak geratzen direla jakinarazi dute antolatzaileek. Gaurkoa izango da tokia erreserbatzeko azken eguna, eta horretarako Elutxeta sagardotegira deitu beharko da (943 55 69 81).

Festa giroa goizean goizetik hasiko da Santa Barbarako ermitapean, eta jarduera ugari egingo dituzte bertan. Mezaren eta omenaldiaren ondoren, herriko trikitilari, bertsolari eta kirolarien saioaz gozatzeko aukera izango da bertan, baita pintxoak eta edariak dastatzekoa ere. 

Eguna borobiltzeko, Elutxeta sagardotegia izango da jaiaren erdigunea arratsaldean. Bazkari eder baten ondoren bigarren saioa egingo dute bertan trikitilariek eta bertsolariek.

Antolatzaileek festan parte hartzeko deia egin diete inguruko herritar guztiei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!