Papelera Zikuñaga txapelketako zazpi finalak, etzi eta 31n

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 28a, 00:00

Guztira 51 bikotek hartu dute parte 7 kategoria desberdinetan. Finalera zortzi klub desberdinetako pelotariak iritxi dira.

 

Papelera Zikuñaga txapelketak etzi eta uztailaren 31n izango ditu azken partiduak, uztail bete-betearen ondoren. Etzi, uztailaren 30ean hiru final jokatuko dira arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Asteazkenean, uztailaren 31n berriz lau final jokatuko dira, 10:00etatik aurrera.

Aurten ziklo berri bati eman dio hasiera Txapelketak, Hernaniko Klubak zabaldu egin nahi izan baitu Papelera Zikuñagako Txapelketa hau. Kadete mailatik gorako herriko pelotari guztiei aukera eman nahi izan zaie maila desberdinetan lehiatzeko eta kanpotik ere pelotari ugarik hartu dute parte.

Bikotean nahasian egin dira, klub desberdinetako pelotariekin. Guztira 102 pilotari aritu dira lehian, eta finalean Hernaniko Klubeko pelotarieiz gain, beste 7 klubetako pelotariak ere ariko dira lehian.

Kadete, jubenil eta nagusi mailan izan da txapelketa gizonezkoetan, urre eta zilar mailetan. Aurten lehenengoz emakumezkoek ere izan dute lehiatzeko aukera, 16 urtez azpiko kategorian.

Hernaniko pelotalekura inguratzen denak, maila haundiko partiduak ikusteko aukera izango du, eta honenbestez emango zaio bukaera 2023-2024 denboraldiari Hernaniko pelota klubean, abuztuan indarrak hartu eta irailean berriz ere lanean hasteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!