Aurtengo xake ikasturtean ere, Ezkai eta Legorbururen xake mailak gora egin eta emaitza politak lortu dituzte jokatu dituzten hainbat xake torneoetan. Biak Donostiako Gros Xake Taldeko kideak dira eta bertan pasatzen dituzte orduak aperturak, zeladak, ganbitoak edo partida amaierak prestatzen. Hernanik beti eduki du xakerako tradizioa eta pandemia ostetik pixka bat apaldua bazegoen ere xakearen aparra, Hernanin oraindik ere xakezale amorratuak badirela argi erakusten du lortu dituzten emaitzek. Aurten
adibidez, Kixkaleko txapelketa berreskuratu da udazkenean eta bertan, haurrak ere egon dira jokatzen.
Asier Ezkai Vicario udako denboraldi honetan ari da bere onena ematen. Hernaniko haurren San Joanetako xake txapelketa irabazi zuen nagusitasunez iaz bezala, Ekai Legorbururi finala irabazi eta gero. Handik astebetera ordea, Andoaingo San Joanetako torneoan balentria errepikatzeko zorian egon zen baina azkenik bigarren postuan geratu zen Lasarteko Erlantz Sanchez aurkari gogorraren kontra galdu ostean, final polit batean. Dena den, kontuan hartu behar da Sanchez hernaniarra baino pare bat urte zaharragoa dela eta Euskadiko selekzioarekin jokatu berri duela Salobreñako estatuko erkidegoen txapelketa. Bigarren sariaren garaikurrarekin konformatu behar izan zuen Urumeako ikasleak.
Azkenik, uztailak 21ean Deban jokatutako 16 urtez azpiko I.Haurren Xake Egunean, podiumeko hirugarren postua lortu zuen Ezkaik lehenengo biekin puntutan berdinduta.
Badatoz gehiago
Ekai Legorburu Etxebestek ere, martxa polita darama. Parte hartu duen torneo guztietan beti amaitu izan du Top-10aren baitan eta hainbatetan, podiuma gertu izan du. Bere emaitzarik azpimarragarriena urteko torneorik garrantzitsuenean lortu du, Gipuzkoako alebinen txapelketan bederatzigarren eginda Azkoitian. Guztira, lurralde mailan 120 haurretik gora parte
hartu zuten alebin mailan eta haietako 40k lortu zuten finalerako txartela.
Atzetik badatoz gehiago. Xenki Arruarte, Anje Errazkin, Brian Rosa, Mikel Segovia eta beste hainbat haur ere hurbildu dira xakearen ingurura azken aldian, 64 karratuen artean ongi pasatzeko asmoz.