Lau ikastetxetan, lanak eta hobekuntzak

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 25a, 00:00

Elizatxo ikastetxea da mantenu lanak egiten ari diren eraikinetako bat.

Uda garaia baliatuko du Udalak mantenu lanak egiteko Elizatxon, Langilen, Urumean eta Haurreskolan.

 

Ikastetxeetako udako oporrak mantenu-lanak eta inbertsioak egiteko aprobetxatzen du Udalak. Aurten, herriko lau ikastetxe publikotan udal langileak mantenu lanak egiten ari dira. Elizatxo, Langile eta Urumea ikastoletan eta, Hernaniko haurreskolan komunetan konponketa lanak, igeltseritza lanak, arotzeria-lanak, kanpoko banku eta elementuen mantentze-lanak... gauzatzen ari dira. 

Bestetik, hainbat eskola-eraikinetan lan haundiagoek ere egingo dira bi hilabete hauetan. Esaterako, Elizatxo ikastolaren eraikin nagusian LED teknologia duten argiak eta pintura-lanak egingo dira.

Langile Ikastolaren Laubidieta eraikineko urmaelean ponpa berria instalatu eta aterpearen eremu batean toldo bertikala instalatuko da. Meabe eraikinean, berriz, pasabideetan pintura-lanak egin eta lehenengo solairuan, pertsiana automatikoak jarriko dira.

Haur eskolan, berriz, kanpoko eta barruko telefono sistema berritu eta segurtasuna bermatzeko sistemak instalatzeko baliatuko da uda garaia.

Urtea bukatu aurretik, bestelako lan batzuk ere egitea aurreikusten du Udalak Elizatxo, Langile eta Urumea ikastoletan.

Guztira, 498.000 euro bideratuko ditu Udalak aurten hezkuntza zentro horien mantenu eta hobekuntza lanetara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!