Asteartean Ohiko Osoko Bilkura izan zen Udaleko pleno aretoan eta deialdiko gai zerrendan bozkatu ziren puntu guztiak onartu ziren, gehienak aho batez.
Fundacion Goyenechek instalakuntza eta obren gaineko zergan eskatutako %95eko hobaria aho batez onartu zen. Alderantziz, Parke zientifiko eta teknologikoak instalakuntza eta obren gaineko zergan eskatutako hobaria berriz ez zen onartu, beti ere txosten teknikoetan oinarrituta.
Hurrengo puntuan Hernaniko Udal ordezkaria, Beterri Kosta industrialdea sozietate anonimo publikoan, aldatzearen alde egin zuen Plenoak. Orain arte Xabier Lertxundi alkatea bera zen ordezkaria eta Ainhara Atorrasagasti izango da hemendik aurrera. EH Bilduk erabaki onen alde bozkatu zuen eta oposizioko alderdiek (PNV-EAJk, PSE-EEk eta Podemosek) abstentzioaren alde egin zuten.
Seigarren puntuan Hernani, Usurbil eta Astigarragako udalen arteko hitzarmena bozkatu zen Garbitania sozietate publikoarekin, jarduteko araubide juridikoa arautuko duena. Bertan, hitzarmena berritzearen alde egin zen. Udalen eta Garbitaniaren arteko prozedurak zehazten ditu. Podemosek aldeko botoa eman zuen, «enpresa publikotik zerbitzu gehiago eta hobeak» emateko balio baitu. EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren puntu honetan.
Hernaniko Udalaren oinarrizko lanbide heziketako zikloak emateko eskuordetzari uko egin eta zentroa ixtea onartu zen aho batez. Honen inguruan azalpenak Asier Mingo zinegotziak eman zituen: «Azken 30 urteetan oinarrizko lanbide heziketa zentroa automozioan zentratua egon da, bertatik ehundaka ikasle eta irakasle asko pasa dira. Udalaren asmoa bertan jarraitzea baldin bazen ere, Hezkuntza Sailak adierazi zigun Hernanin beste eraikinik ez zutela egingo. Beraz, uko egin eta ixtea, beste erremediorik ez zaigu gelditzen. Orain Errenteriako Don Boscora bideratuko da eta bertan izango dute jarraipena».
Zortzigarren puntuan Hernaniko Udal langileei aplikagarria izango zaien belaunaldien erreleboa eta ezagutzaren transferentziarako xedapen orokorra onartu zen aho batez. Plantillak zahartzen ari dira udal gehienetan eta ikusten da belaunaldi berrien arteko planifikazioa beharrezkoa dela, ezagutzak belaunaldi batetik bestera igarotzeko. Testu eta araubide bat da onartu zena, lan baldintzen hobekuntza bezala txertatu dena. «Erronka bati egiten dio aurre», adierazi zuen Lertxundi alkateak.
Mozioa aurretik landu zen bederatzigarren puntua ere langileei lotutakoa izan zen. Hernaniko Udaleko eta Ereñotzu entitate txikiko langileen bigarren ordainsarien igoera onartu zen aho batez. Espainiako legeak esaten duen %2a igotzea aplikatuko da eta baldintzak betetzen badira urte bukaeran beste %0,5a igoko da.
Kuba jasaten ari den blokeoaren amaieraren alde mozioa onartu zen
Astearteko Plenoko azken puntuan, Kuba jasaten ari den blokeoaren amaieraren aldeko mozioa onartu zen aho batez. Euskadi-Cuba (Adiskidetasuna eta elkartasuna) eta Sierra Maestra-Euskadi eta Desembarco del Granma (Kubako emigrazioa Euskal Herrian) elkarteek aurkeztu zuten «Utzi Kubari arnasa hartzen: Estatu Batuetako blokeoaren amaieraren alde, aktiba dezagun euskal elkartasuna». Alderdi guztiek babestu zuten mozioa.