Papelera Zikuñagako torneoan finalerdiak jokatzen ari dira

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 24a, 00:00

Egiguren eta Markel Lizeaga, txapeldun Errenterian.

Atzo hasi ziren finalerdiak eta gaur arratsaldean eta bihar goizean jarraituko dute.

 

Papelera Zikuñaga Txapelketako finalaurrekoak atzo hasi ziren jokatzen, eta gaur eta bihar jarraituko du maila ezberdinetan. Gaur arratsaldean, 16:30etatik aurrera, hasiko dira eta bihar goizean, 10:30etatik aurrera, jokatuko dira. 

Gaur sei finalerdi daude iragarrita eta bihar, Santio Egunean, lau. Gaur eguneko lehenengo bi finalerdiak 16 urtez azpiko neskenak izango dira. Lehenengoan Sagardui eta Iparragirrek, Balerdi eta Sotilen aurka neurtuko dituzte indarrak. Bigarren finalerdian, Esnal eta Galardi, Legarreta eta Cresporen aurka arituko dira. 

Hirugarren eta bosgarren finalerdiak jubenil zilarrezko mailakoak dira: Hirugarren partiduan Paskual-Otaegi bikoteak, Zabala-Salbador bikotearen aurka jokatuko du; bosgarren finalaurrekoan Bidezabal-Alberdik, Uria-Aranbururen aurka neurtuko dituzte indarrak. Eguneko laugarren partidua nagusi urrezkoen mailako semifinala izango da. Bertan, Elolak eta Altunak, Altunaren eta Aranalderen aurka jokatuko dute. Gaurko eguna seigarren finalerdiarekin itxiko da. Jubenil urrea mailakoa da eta Iturbe-Leonet bikoteak, Olaizola-Lasa bikotearen aurka jokatuko du.

Santio Egunean, bihar, 10:30etan hasiko dira finalaurrekoak. Lehenengo partidua kadete zilarra mailakoa da eta Bidezabal-Arsuaga bikoteak, Aranburu-Zugastiren aurka jokatuko du. Bigarren partidua ere kadete zilarra mailakoa da. Bigarren finalista, Labaka-Galarraga bikotearen eta Makatzaga-Oartzabal bikotearen arteko partiduko garailea izango da. Nagusi zilarra mailako finalerdia eguneko hirugarrena da eta bertan, Gorostidi-Iriartek, Gorostidi-Aranbururen aurka jokatuko dute. Finalerdiak nagusi zilarreko bigarren finalerdiarekin amaituko dira. Deskarga-Aranburuk, Oiarbide-Etxarriren aurka jokatuko dute. 

Finalak uztailaren 30 arratsaldean eta 31 goizean jokatuko dira maila ezberdinetan. Ondoren afaria izango da.

 

Markel Lizeaga, Errenterian txapeldun

Bestetik, Hernaniko pelotariak txapelak irabazten jarraitzen dute. Honela, Markel Lizeagak Errenteriako Zuloaga Txapelketako txapela jantzi zuen, Elite mailan. I.Egiguren (Ilunpe) lagun zuela 22 eta 6 irabazi zuten Tartaloetxeko Azketa-Elizegiren aurka. Hernaniarra, gainera, finaleko pelotaririk onena izendatu zuten.

Bestetik, Oier Arsuaga pelotari hernaniarra Ordiziako Torneoko txapeldunorde geratu zen haur mailan. Izagirrerekin batera (Lapke) 18-5 galdu zuten Mantzisidor-Alberdiren (Lapke) aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!