Kultur uholdea, bihartik Ave Maria parkean

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 24a, 00:00

Capicua taldearen Nüshu ikuskizuna ikusgarria da.

Hiru egunez, uztailaren 27ra arte, izango da aurtengo Uda Parkean jaialdia, eta tarte horretarako 10 jarduera antolatu ditu Udalak.

Uda Parkean jaialdia uztaileko klasikoa bihurtu da azken hamar urteetan. Aurten, bihar hasiko da eta uztailaren 27ra arte jarduera ugarirekin beteko da Ave Maria parkea, adin guztietako pertsonen gozamenerako. Hernaniko Udaleko Kultura, Jarduera Fisikoa eta Kirola eta Haur, Nerabe eta Gazteria sailek elkarlanean antolatu dute egitarau zabala, herritar guztiak asebetetzeko asmoarekin. 

Aitor Huizi Kultura Zinegotziak aurkezpenean adierazi zuen «jaialdi berezia» dela Uda Parkean, eta egitaraua osatzerakoan bi helburu dituztela nabarmendu zuen: «Hernaniarrei udan aisialdiarekin lotutako programazioa eskaintzea da asmoa, eta garrantzitsua da hori kanpoan izatea. Aurtengoan ere, aurreko edizioetan bezala, askotariko jarduerak prestatu ditugu, eta kultura aldetik ere aportazio asko ditu».

Egitura antzekoa izango dute hiru egunek: jarduera partehartzaileekin hasiko dira arratsaldeak, zirku emanaldiekin jarraituko dute eta kontzertu edo dantza emanaldiekin amaituko dira. Agurtzane Aizpuru Kultura teknikariak azaldu zituen egitarauko xehetasunak, eta guztien artean Janus Lester taldearen kontzertua, Capicua konpainiaren zirku emanaldia eta Verdini dantza taldearen saioa nabarmendu zituen.

Horrekin batera, bertaratzeko gonbidapena egin zien herritar guztiei: «Herritarrak etortzera gonbidatzen dugu, bertan afaltzeko aukera egongo da, eta arratsalde iluntze ederra pasatzeko aukera izango dute». 

 

Janus Lester taldearen kontzertua bihar

Janus Lester Jokin Pinatxok sorturiko proiektua da. Bera-tik ahots ezohiko eta berezi batekin datorkigu. Sinkopaturiko erritmo anitzez, arima beltzez, elektronikoz edo funkiz. 80-90 hamarkadako dantzaren oinordeak, baina moldaketa garaikideaz hornitua. Jokin Pinatxori gehitu zazikio Mattin Arbelaitz bateria jotzen, Garazi Esnaola teklatuan, Ane Bastida baxuan, Gorka Urra gitarrarekin, Julen Suarez tronpeta jotzen eta Andoni Arriola tronboian.

 

Bi zirku emamanaldi, Nüshu eta REM, etzi eta larunbatean

Capicua Aragoiko konpainiak etzi Nüshu eskainiko du, arroparen merkatuaren inguruko hausnarketa bat da eta bost emakume akrobata josten, dantzan, barrez eta gora egiten dira protagonista.

Joskintza-fabrika batean girotuta dago, soka bikoitza, aireko eskailera, bertikalak, masta eta akrobaziak ditu. Arropa gehiegi produzitzeari eta kontsumitzeari buruzko gizarte-mezua. La Trocolaren REM, berriz, oso zirku fisikoa izango da, beldurren ingurukoa eta larunbatean eskainiko da. Ametsen mundurako bidaia da: hausnarketa, autoexijentziaz, mugez eta huts egiteko beldurrez ari da.

 

Dantza ere ez da faltako

Aldapeko Basque Latin Jazzen kontzertua ere izango da ostiral gauean, 22:00etan, hasita. Sanjoanetako preludioan oholtza gainean ikusi genuen Hernaniko taldea pare bat kanturekin. Oraingoan, saio osoa eskainiko dute, euren bigarren diskoa kaleratu baitute.

Uda Parkean egitasmoa dantzarekin bukatuko da larunbatean. Aniztasunak izango du tokia Uda Parkean-en. Honela, Donostiako Verdini dantza taldeak itxiko du aurtengo egitaraua.

Euria eginez gero ekitaldi batzuk Atsegindegira pasako dira (Eraitsi antzerkia, haur jolasak, Janus Lester, Aldapeko Basque Latin Jazz, Markeliñe artilusioa eta Rem), eta beste batzuk kiroldegira (Hartubol, Haur jolas batzuk eta Nüshu zirku dantza ikuskizuna).  

 

Egonkortutako jaialdia da Uda Parkean

2016an antolatu zuen Hernaniko Udalak lehenengo aldiz Uda Parkean jaialdia, eta urtez urte egonkortzen joan da urteko agendan. Azken edizioetan oinarrituta, balorazio positiboa egin zuen Huizik: «Esan dezakegu herritarrek espero duten zerbait dela. Iaz jende askok hartu zuen parte». 

Aizpuruk gehitu zuen «egonkortuta» dagoela jaialdia: «Jendeak balio haundia ematen dio jarduera guztiak kanpoan egiteari».

 

UDA PARKEAN 2024

HERNANI - AVE MARIA PARKEA

UZTAILAK 25

17:00 Haur jolasak. Haur eta familiei eskainitako egurrezko jolas bilduma.

17:00 Jolasak. Bubbles. Bola erraldoien arteko jolasa.

19:30 Goitibera Konpainiaren Eraitsi S.L. antzerkia. Espazio publikoaren eta jolasaren inguruan hausnartzen duen kaleko ikuskizuna da.

22:00 Janus Lester taldearen kontzertua.

UZTAILAK 26

17:00 5 urtetik gorako haurrentzako askotariko jolasak: Slike-line, maskara eta eskulan tailerra, jolasak...

18:00 Hartubol partiduak Goiz Eguzki elkartearen eta HKEren eskutik.

20:00 Zirkua. Capicua
konpainiaren Nüshu
ikuskizuna. Bost emakume akrobata josten, dantzan,
barrez eta gora egiten.

22:00 Aldapeko Basque Latin Jazz taldearen kontzertua.

UZTAILAK 27

17:00 Markelineren Artilusio antzerkia. 'Imajina dezagun liburuz elikatzen den eta bihotz baten taupaden erritmoan funtzionatzen duen itxura fantastikoko makina haundi bat...'.

19:30 La Trocola Zirkuaren ikuskizuna. Ametsen mundurako bidaia da. Mugez eta huts egiteko beldurrez arituko dira.

22:00 Verdini dantza taldearen emanaldia. Gaitasun ezberdinez osatutako taldea da eta dantzakideak dantzarekiko maitasunak elkartzen ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!