Bigarren aukeran bai, Jai Alai Summer Seasoneko final haundira sailkatu dira Urriza eta Barrenetxea

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 22a, 00:00

Gogor borrokatu behar izan zuten Urrizak eta Barrenetxeak.

Larunbat honetan jokatuko dira txapelketa nagusiko eta B mailako finalak. Urrizak eta Barrenetxeak lana gogotik egin behar izan zuten sailkapena lortzeko; Gurrutxaga eta Apezetxea, berriz, erraz gaildendu ziren.

Erabakita dago jada Jai Alai Summer Seasoneko final haundiko kartela: Juaneneak eta Ansak Barrenetxearen eta Urrizaren aurka jokatuko dute. Uztailaren 27an izango da hori, eta egun horretan bertan jokatuko da B mailako finala ere. 

Larunbateko jardunaldi gogorrean lortu zuten sailkapena Barrenetxeak eta Urrizak. Lehenengo seta Aldabek eta Larrañagak irabazi zuten arren, bikote faboritoak ez zuen amore eman, eta markagailua iraultzea lortu zuen 15-13 eta 8-2 partzialekin. 

B mailako txapelketan Gurrutxagak eta Apezetxeak lortu zuten finalerako txartela. Kasu honetan kontrakoa izan zen partiduaren gidoia, eta nagusitasunez gailendu ziren Zalduak eta Zubirik osatutako bikotearen aurka. Finala parekatuagoa izatea espero da; bertan Susperregiren eta Aiestaran VI.aren kontra arituko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!