Gaur arratsaldeko jaialdiaren ondoren erabakita geratuko dira Jai Alai Summer Seasoneko bi finalak

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 20a, 00:00

Barrenetxeak eta Urrizak bigarren aukera izango dute gaur finalean sartzeko.

Maila nagusian Barrenetxea IV.ak eta Urrizak Aldaberen eta Larrañagaren aurka jokatuko dute, eta irabazleak Juanenea-Ansa bikotearen aurka arituko dira finalean. B mailako finala ere gaur erabakiko da.

Amaierara iristen ari da Jai Alai Summer Season erremonte txapelketa. Osteguneko jardunaldian Juanenea eta Ansa sailkatu ziren final haundira, eta gaur arratsaldean erabakiko da zein bikoteren aurka jokatuko duten uztailaren 27an. 16:30etan hasiko da gaurko jaialdia, eta hiru partidu jokatuko dira. 

Maila nagusiko partiduan Barrenetxea IV.ak eta Urrizak osatutako bikoteak finalera sailkatzeko bigarren eta azken aukera izango du, Aldaberen eta Larrañagaren aurka. Osteguneko jardunaldian ez zuten gehiegi asmatu, baina Barrenetxea eta Urriza dira aurrera egiteko faboritoak. Hala ere, bizirik jarraitzeko partidu erabakigarri bat irabaztetik dator Aldabe-Larrañaga bikotea, eta motibazio haundiarekin irtengo dira kantxara. 

Aurkarien zain daude Susperregi eta Aiestaran ere

B mailako txapelketan ere gaur jokatuko da finalaurreko azken partidua. Osteguneko jardunaldian Susperregik eta Aiestaran VI.ak lortu zuten aurrera egitea, Gurrutxagari eta Apezetxeari 0-2 irabazita. Beste partiduan Zaldua eta Zubiri izan ziren garaileak, hortaz bi bikote horien artean jokatuko dute gaurko partidua. 

Gurrutxaga eta Apezetxea partidu trakets baten ondoren iritsiko dira gaurko norgehiagokara. Ostegunean min asko egin zien Aiestaranen sakeak, eta orduko akatsak hobetzen saiatuko dira gaur. Zalduak eta Zubirik, aldiz, ondo sufritutako garaipen baten bidez lortu dute gaurko partidua jokatzeko txartela. 

Hirugarren eta azken partidua Segurola-Martirena eta Jabalera-Azpiroz bikoteek jokatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!