Jolasak, kontzertuak eta askotariko ikuskizunak izango dira Ave Marian, Uda Parkean jaialdian

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 18a, 00:00

Ave Marian egin zuten Udal ordezkariek aurkezpen prentsaurrekoa.

Uztailaren 25etik 27ra izango da aurtengo Uda Parkean jaialdia, eta tarte horretarako 10 jarduera antolatu ditu Hernaniko Udalak. Nabarmentzekoen artean, Janus Lesterren kontzertua, zirku emanaldiak eta Verdini dantza taldearen saioa daude.

 

Bueltan da Uda Parkean jaialdia. Uztailaren 25etik 27ra jarduera ugarirekin beteko da Ave Maria parkea, adin guztietako pertsonen gozamenerako. Hernaniko Udaleko Kultura, Jarduera Fisikoa eta Kirola eta Haur, Nerabe eta Gazteria sailek elkarlanean antolatu dute egitaraua, eta atzo eguerdian egin zuten aurkezpen prentsaurrekoa. 

Aitor Huizi Kultura Zinegotziak adierazi zuen «jaialdi berezia» dela Uda Parkean, eta egitaraua osatzerakoan bi helburu dituztela nabarmendu zuen: «Hernaniarrei udan aisialdiarekin lotutako programazioa eskaintzea da asmoa, eta garrantzitsua da hori kanpoan izatea. Aurtengoan ere, aurreko edizioetan bezala, askotariko jarduerak prestatu ditugu, eta kultura aldetik ere aportazio asko ditu».

Egitura antzekoa izango dute hiru egunek: jarduera partehartzaileekin hasiko dira arratsaldeak, zirku emanaldiekin jarraituko dute eta kontzertu edo dantza emanaldiekin amaituko dira. Agurtzane Aizpuru Kultura teknikariak azaldu zituen egitarauko xehetasunak, eta guztien artean Janus Lester taldearen kontzertua, Capicua konpainiaren zirku emanaldia eta Verdini dantza taldearen saioa nabarmendu zituen. Horrekin batera, bertaratzeko gonbidapena egin zien herritar guztiei: «Herritarrak etortzera gonbidatzen ditugu, bertan afaltzeko aukera egongo da, eta arratsalde iluntze ederra pasatzeko aukera izango dute». 

 

Egonkortutako jaialdia da Uda Parkean

2016an antolatu zuen Hernaniko Udalak lehenengo aldiz Uda Parkean jaialdia, eta urtez urte egonkortzen joan da urteko agendan. Azken edizioetan oinarrituta, balorazio positiboa egin zuen Huizik: «Esan dezakegu herritarrek espero duten zerbait dela. Iaz jende askok hartu zuen parte». 

Aizpuruk gehitu zuen «egonkortuta» dagoela jaialdia: «Jendeak balio haundia ematen dio jarduera guztiak kanpoan egiteari».

 

UDA PARKEAN 2024

 

UZTAILAK 25

17:00 Haur jolasak. Haur eta familiei eskainitako egurrezko jolas bilduma.

17:00 Jolasak. Bubbles. Bola erraldoien arteko jolasa.

19:30 Goitibera Konpainiaren Eraitsi S.L. antzerkia. Espazio publikoaren eta jolasaren inguruan hausnartzen duen kaleko ikuskizuna da.

22:00 Janus Lester taldearen kontzertua.

UZTAILAK 26

17:00 5 urtetik gorako h
aurrentzako askotariko jolasak: Slike-line, maskara eta eskulan tailerra, jolasak...

18:00 Hartubol partiduak Goiz Eguzki elkartearen eta HKEren eskutik.

20:00 Zirkua. Capicua
konpainiaren Nushu
ikuskizuna. Bost emakume akrobata josten, dantzan,
barrez eta gora egiten.

22:00 Aldapeko Basque Latin Jazz taldearen kontzertua.

UZTAILAK 27

17:00 Markelineren Artilusio antzerkia. 'Imajina dezagun liburuz elikatzen den eta bihotz baten taupaden erritmoan funtzionatzen duen itxura fantastikoko makina haundi bat...'.

19:30 La Trocola Zirkuaren ikuskizuna. Ametsen mundurako bidaia da, hausrnarketa bat, autoexijentziaz, mugez eta huts egiteko beldurrez arituko dira.

22:00 Verdini dantza taldearen emanaldia. Gaitasun ezberdinez osatutako taldea da eta bertako dantzakideak maitasun haundi batek elkartzen ditu: dantzarekiko maitasunak.

Jarduera guztiak Ave Maria
parkean izango dira.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!