Iritsi dira Hernanira uda bertan pasako duten lau haur sahararrak

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 14a, 00:00

Hernanira etorri diren lau haur sahararrak (erdian goran), haien harrera familiekin eta udal ordezkariekin batera.

Haien harrera familiekin elkartu ondoren, ongietorria eman eta hamaiketakoa eskaini zieten Hernaniko udaletxean, ostiral eguerdian.

Hernanin dira, dagoeneko, aurtengo uda herrian pasako duten lau haur sahararrak, Oporrak Bakean programaren baitan: Inas Salek Saad (10 urte), Mustafa Slut Sihmeida (9 urte), Fatma Lbar Cori (9 urte) eta Hehabuha Salek Said (12 urte).

Aurreko egunotan elkartu dira beren harrera familiekin, bi hilabeteko egonaldi berezia hasteko. Leire Ayaperekin eta Oskar Bereziartuarekin emango du uda Inasek; Maialen Albisturrenean eta Daniel Usandizagarenean izango da Mustafa; Maria Jauregik eta Ander Elosegik hartu dute etxean Fatma; eta Ana Eguzkitzarekin biziko da bi hilabetez Hehabuha.

Harrera familiekin elkartu ondoren, ongietorria eman zien Hernaniko Udalak, ostiral eguerdian, udaletxean. Oparitxo bana ere eskaini zieten lau haurrei, eta taldeko argazkia atera ondoren, haientzat prestatutako hamaiketakoaz gozatu zuten.

Bi hilabeteko egonaldi berezia hasi da lau haur sahararrentzat, basamortuko udako baldintza gogorretatik aldenduta. Epe honetan, aukera izango dute ondo elikatzeko, mediku errebisioak egiteko, Saharako bero haundia, haize bortitza eta ur eskasia saihesteko, beste errealitate bat ezagutzeko... Oporrak Bakean programak beti nabarmendu ohi duenez, esperientzia «oso onuragarria» izango da haurrentzat zein harrera familientzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!