«Herritarren babesa sentitu genuen hasieratik, eta pena eman digu uzteak»

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 14a, 00:00

Kaxkoko alkate berria eta aurtengo Karmen Jaietako omenduak, elkarrekin, Kaxko elkartearen egoitzan.

Etzi omenduko dituzte, Kaxkoko Karmen Jaietan, Errioguarda jatetxeko, Ukerdi mertzeriako eta Oindi tabernako familiak, erretiroa hartu eta bizpahiru urtera. Gainera, Nekane Azkue Orayen izendatuko dute Kaxkoko alkate.

Oso egun berezia izango da etzikoa, Kaxkoarekin lotura estua duten bederatzi herritarrentzat. Karmen Jaietako ospakizunaren baitan, Orayen etxean (Kale Nagusia 41) jarri dute hitzordua, eguerdiko 12:00etan. Bertan, Kax­koko alkate izendatuko dute Nekane Azkue Orayen, eta omenduko dituzte duela bizpahiru urte erretiroa hartu duten hiru familia: Errioguarda jatetxeko Juan Mari Izagirre, Elena Izagirre eta Antton Elorza; Ukerdi mertzeriako Maria Angeles Marzal eta Antonio Recio; eta Oindi tabernako Joxe Amondarain, Joaki Lujanbio eta Pili Lujanbio. Ohi bezala, mahaiaren bueltan elkartu ditugu, Kaxko elkartearen egoitzan, egun bereziaren atarian.
 

NEKANE AZKUE ORAYEN
Kaxkoko alkate berria

Orayen etxean bizi izan da Nekane Azkue, duela 83 urte bertan jaio zenetik. Bere aiton-amonek (Joakin Orayen urritzarrak eta Mariana Saint Pierre urruñarrak) erosi zuten etxe hura, mediku batena zena, Ereñotzutik Hernanira etorri zirenean, aitona elektrika bateko gerentea baitzen. «Etxea osorik bota, eta lau pisukoa eraiki zuen aitonak, seme-alabentzat, 1931 eta 1932 urteen artean. Pentsu biltegia eta errota ere eraiki zituen beheko pisuan, eta oso negozio garrantzitsua izan zuen. Argentinatik ekartzen zuen artoa, eta iristen zenean, bere bagoietan garraiatu Pasaiatik Floridako geltokira. Floridako eliza dagoen tokian zeukan biltegia, eta gero etxeko errotan xehetu eta pentsua saltzen zuen», kontatu du.

Orayen etxean bizi izan ziren ondorengo guztiak; tartean, Nekane, bere gurasoak eta sei anai-arrebak: «Aita zarauztarra zen, eta Banco Guipuzcoano inau­­guratu zutenean etorri zen Hernanira. Bertan ezagutu zuen ama, pentsu negozioko dirua eramatera joaten baitzen bankura». Gaur egun, Nekane da etxe horretan bizi den orayendar bakarra. 17 urterekin hasi zen Zikuñagako Papeleran administrari, eta jubilatu arte aritu zen bertan lanean. Oso gustuko ditu bidaiatzea eta natura, txikitatik etxean jasotako zaletasuna: «Askotan joaten ginen mendira».

Kaxkoko alkate izendapena «beldur pixka batekin» hartuko du, baina aitortu du «oso polita» izango dela: «Kaxkoa oso berezia da niretzat. Bertan eman dut bizitza osoa, eta ikusi dut nolako aldaketa izan duen, txikitan jolasean aritzen ginenetik gaur arte».

ERRIOGUARDA JATETXEA
Juan Mari Izagirre Balerdi, Elena Izagirre Balerdi eta Antton Elorza Puyadena

1993an jarri zuten jatetxea martxan, izen bereko etxearen bajuan, Juan Mariren emaztearen familiarena zena. Berak sukaldari izateko ikasi ondoren, Elena arrebari proposamena luzatu, eta elkarrekin zabaldu zuten jatetxea: «San Joanen bueltan ireki genuen, eta nahiko ondo hasi ginen. Nobedadea izan zen, eta zortea izan genuen, hasieratik izan genuelako lana». Ez zuten «pretentsio haundirik» jarri goi-mailako jatetxea izateko, «baina ez genuen nahi korrika eta presaka dabilenarentzako jatetxe bat ere, zerbait lasaiagoa baizik. Akaso ez egunero joatekoa, baina bai denentzako modukoa, herrikoia. Txukuna, gustuz egindakoa eta jendea errespetuz eta lasai hartuko zuena, gustura egon zitezen».

Urtebete pasatxora batu zitzaien Antton, eta ia hiru hamarkadaz aritu dira elkarrekin: «Langileekin ere zortea izan dugu; Kristina Erdoziak, adibidez, ia ibilbide osoa egin du gurekin». Hernaniko eta inguruko herrietako jendea zuten bezero, eta erretiroa hartuta oraingoz nostalgiarik ez duten arren, pena bai, «batzuekin kontaktua galdu dugulako, jatetxetik bakarrik ezagutzen genituela eta».

UKERDI MERTZERIA
Maria Angeles Marzal Cebollero eta Antonio Recio Gil

Aurreko jabeak jubilatzean ekin zioten, 1997an, Ukerdi izenarekin: «Gure abizena zela uste zuten askok, baina ez. Mendi izena jarri nahi genion, eta ingurukoak hartuta zeudenez, suhiak proposatutakoen artean horixe gustatu zitzaigun». Aurrekoen jarduerari eutsi zion Maria Angelesek, Antonio senarraren eta alaben laguntzarekin: mertzeria, artilea, barruko arropa... «Komertzioko lana betidanik gustatu zait, eta sekulako gogoa neukan», kontatu du: «Hasiera beti da zaila, baina jendeak oso erantzun ona izan zuen, eta inguruko herri guztietatik etortzen zitzaizkigun. Oso bezero fidelak, atseginak eta maitakorrak izan ditugu». Solasaldi luzeak izan ditu haiekin: «Alaba batek esan izan dit, niri esker bezeroek diru asko aurreztu dutela psikologotan», dio barrez.

Jubilatu bitarteko 25 urte­ak «hegan» pasa zaizkio, eta «pena» hartu du denda uztean: «Oso zoriontsu izan naiz mertzerian». Pena hartu zuten haren bezeroek ere: «Bi urte eta erdiren ondoren, oraindik esan egiten didate kalean...».

OINDI TABERNA
Joxe Amondarain Huegun, Joaki Lujanbio Olano eta Pili Lujanbio Olano

1992an hasi ziren Oindi tabernan bi bikote: Joxe eta Joaki, eta Pili eta 'Txatxon'. «San Joanak baino pixka bat lehenago ekin genion, esperientziarik gabe. Eromena izan zen, baina moldatu ginen. Aurretik egon zirenek erakutsi ziguten, sukaldean bereziki; eta zerbait egiten ez genekienean, bezeroari berari galdetzen genion; kubata bat edo pitilingorri bat eskatu ziguten aurreneko aldian, adibidez. Eginez ikasi genuen. Gainera, lau ume txiki geneuzkan etxean, eta txandaka aritzen ginen zaintzan».

Oso tratu atsegina eta gertukoa izan dute bezeroekin: «Familia giroa izaten zen tabernan. Jendeak bere bizitza kontatzen zizun, bakoitzaren maniak eta ohiturak ezagutzen zenituen... Askok bere toki propioa zuten, eta libre ez bazegoen...». 

Denek oroituko dituzte Oindi tabernan jartzen zituzten herriko argazkien bildumak, eta baita festa giroko rantxerak ere. Eta norbaiten urtebetetzea bazen, Ka­xianoren 'Zorionak' abestia jar­tzen zuten. «Oso gustura aritu gara, eta jendea oso atsegina izan da gurekin. Pena eman zigun uzteak, oso harreman estua izan genuelako bezeroekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!