Kiroldegiko ikastaroetan apuntatzeko epea zabalik, datorren ikasturterako

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 13a, 00:00

34 ikastaro izango dira aukeran, eta irailaren 8ra bitarte eman daiteke izena, kiroldegian bertan edo 'kirola.hernani.eus' webgunean.

Dagoeneko argitaratu du 2024-2025 ikasturterako eskaintza, Hernaniko kiroldegiak: 34 ikastaro izango dira aukeran, hiru hilekoak zein ikasturte osokoak, eta lehorrekoak zein uretakoak, adin tarte ezberdinetarako. Urrian hasiko dira.

Uretan, izango dira adinaren araberako igeriketa ikastaroak, aquafita, aquagyma eta haurdunentzako saioak. Fitness aretoan, berriz, ikastaro sorta zabala eskainiko dute: aerobika, multifitnessa, pilatesa, ziklo indorra, body punba, TRXa, korea, zoru pelbikoa lantzeko saioak... Jarduera fisiko egokitua ere eskainiko dute, eta kiroldegian emango diete horien buruzko informazioa, interesa dutenei. Eta hirugarren adinekoek ere izango dute beraientzako ikastaro propioa; kasu horretan, Goiz Eguzkin eman beharko dute izena.

Horietan guztietan, zabalik dago izena emateko epea, eta irailaren 8ra bitarte izango da aukera: kiroldegian bertan, edo online, kirola.hernani.eus webgunearen bitartez. Horietan eskuratu daiteke informazio gehiago ere. Prezioak ikastaroaren araberakoak izango dira, eta deskontua izango dute kiroldegiko abonatuek. Plaza kopurua baino jende gehiago apuntatzen den ikastaroetan, zozketa egingo dute irailaren 9an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!