Kaxkoa dantzan jarri eta festa goxoarekin ospatuko dute Karmen eguna, datorren asteartean

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 13a, 00:00

Karta jokoak izango dira protagonista arratsaldean, aurtengo Karmenetan ere.

Pelota partiduak, bazkari herrikoia, karta jokoak, kaleko jolasak eta sardin jatea izango dira Karmen Jaietan, besteak beste.

Festa giro goxoak hartuko du Hernaniko Kaxkoa, datorren asteartean. Egun osorako plana prestatu du Kaxko Elkarteak, aurtengo Karmen Jaiak ospatzeko.

Mezarekin, trikitilariekin eta pelota partiduekin hasiko dute goiza, eta eguerdikoa izango da une berezienetako bat, Kale Nagusiko 41ean: Nekane Azkue Orayen izendatuko dute Kaxkoko alkate, eta omenaldia egingo diete Errioguarda jatetxean, Ukerdi mertzerian eta Oindi tabernan aritu zirenei.

Hortik aurrera, Plaza Berri izango da festaren erdigunea: bazkari herrikoia egingo dute bertan, karta jokoak eta kaleko jolasak izango dira arratsaldean, eta ohiko sardin jatea iluntzean, eguna borobiltzeko.

Bazkarirako txartelak eskuratzeko aukera izango da oraindik, gaur bertan eta astelehenean, Plaza Berrin jarri duten postuan.

KARMEN JAIAK
UZTAILAK 16, KAXKOAN

09:00, Kaxkoko hildakoen omenezko meza, San Joan Bataiatzailea parroki elizan.

10:00, Trikitixa Kaxkoan zehar.

11:00, Pelota partiduak, Tilosetako frontoian: eskuz, Xuhar Hernandez-Hegoi Zabala/Unax Mendiabe-Aieko Azpeitia; palaz bost t'erdian, Enara Macicior/Joana Tolaretxipi.

12:00, Alkate izendapena: Nekane Azkue Ora­yen. Kale Nagusiko 41ean. Omenduak: Juan Mari Izagirre, Elena Izagirre eta Antton Elorza (Errioguarda jatetxea); Mª Angeles Marzal eta Antonio Recio (Ukerdi mertzeria); eta Joaki Lujanbio, Joxe Amondarain eta Pili Lujanbio (Oindi taberna).

14:00, Bazkari herrikoia Plaza Berrin, eta balkoi apaintze lehiaketa.

16:30, Karta jokoak, Plaza Berrin. Bikoteak, bi emakumek osatutakoak edo mixtoak.

16:30, Toka, igela eta botea, Plaza Berrin.

17:00, Txokolatada.

17:00-19:00, Puzgarriak, Plaza Berrin.

20:00, Sari banaketa: karta jokoak, kaleko jolasak eta balkoi ederrena.

20:00-22:00, Sardin jatea, Plaza Berrin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!