Portugaleko Estarrejako Torneoan aritu da Hernaniko Eskubaloi Taldea

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 12a, 00:00

81 laguneko taldea joan zen Hernanitik Estarrejara, bertako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketan parte hartzera.

Txapelketa jokatu zuten herriko sei taldek, eta txapeldunorde izan ziren mutil infantilak.

Portugalen izan zen Hernaniko Eskubaloi Taldea, beste behin, joan den astean. Estarrejako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa jokatu zuten bertan, eta sei talderekin aritu ziren, maila ezberdinetan: infantil, kadete eta jubeniletan, bakoitzean nesken eta mutilen talde banarekin. 

Guztira, taldeko 70 jokalarik hartu zuten parte txapelketan, eta beste 11 herritarren laguntza izan zuten, entrenatzaileak eta gurasoak tarteko. Horrela, 81 laguneko espedizioa joan zen Hernanitik Estarrejara.

Torneo polita jokatu zuten Hernaniko sei taldeek, eta oso lehiakor aritu ziren, maila eta izen haundiko taldeen aurrean: Benfica, Oporto eta Avanca, besteak beste. Denetan nabarmenena, mutil infantilek osatutako txapelketa izan zen: txapeldunorde izan ziren. Hernaniko Eskubaloi Taldea «oso pozik» agertu da, aste berezi horretan zehar bizitakoarekin, talde guztiek egindako txapelketarekin eta lortutako emaitzekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!