Gaur arratsaldean hasiko da Jai-Alai Summer Season txapelketa, formatu berritzailearen saltsarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 11a, 00:00

Endika Barrenetxea, aurreko partidu batean. Argazkia: Maialen Andres

Bi 'bizitza' izango ditu bikote bakoitzak, eta bi porrot ez jasotzea izango da bikoteen helburua. Gaurko jaialdian ariko dira Endika Barrenetxea hernaniarra eta Oier Apezetxea goizuetarra, arratsaldeko 16:30etan hasita Galarretan.

Erremontearen alderdi guztietan ari da berrikuntzak txertatzen Oriamendi, azkeneko urteotan; eta beste pauso bat eman du oraingoan, udako txapelketaren formatua berrituta. Bideojoko baten tankera hartuko du Jai-Alai Summer Season torneoak, neurri txiki batean: bi 'bizitza' izango dituzte bikote partehartzaileek, eta beraz, helburua izango da bi bider ez galtzea. Gainera, iazko udan txertatutako berritasunari eutsiko diote: txapelketa nagusiko atzelari gehienak aurrean ariko dira, eta aurrelari gehienak atzean.

Hiru partidu jokatuko dituzte gaurkoan, estreinako jardunaldian, arratsaldeko 16:30etan hasita Galarretan. B torneoko partidu batekin ekingo diote: Oier Apezetxea goizuetarrak eta Gurrutxagak, Goikoetxea V eta Eskudero izango dituzte aurrean. Beste bi partiduak, berriz, A torneokoak izango dira. Endika Barrenetxeak eta Urrizak jokatuko dute jaialdiko bigarrenean, Azpirozen eta Ezkurraren kontra; lauak ere, ohiko tokitik kanpo. Halaxe ariko dira Juanenea eta Ansa II ere, jaialdiko azkeneko partiduan; eta Aldabe eta Larrañaga izango dituzte kontrario, ohiko postua mantenduko duen bikote bakarra.

Hiru setera jokatuko dituzte partidu guztiak, eta gaurko galtzaileek, markagailua edozein dela ere, badakite ondorioa: kinka larrian izango dira, berriro huts egiteko aukerarik gabe. Irabazleek, berriz, bere bi 'bizitza' horiei eutsiko diete oraingoz.

Beste hiru jardunaldi izango ditu txapelketak, larunbat honetan bertan, uztailaren 18an eta hilaren 20an; eta azkeneko larunbatean jokatuko dituzte bi finalak, uztailaren 27an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!