Mugikorra erabiltzen ikasteko tailerra lau auzotan, datozen asteotan

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 10a, 00:00

Datorren astean egingo dute Antziolan eta Zelabiden, eta bihar arte eman daiteke izena. Hurrengoan izango da Etxeberrin eta Zikuñagan.

65 urtetik gorakoei zuzenduta, mugikorra erabiltzen ikasteko tailerra antolatu du Hernaniko Udaleko Adinekoen Sailak, auzoz auzo. Dagoeneko eskaini dute aurreneko bietan, Kaxkoan eta Elizatxon; eta pozik daude tailerrek emandakoarekin. Datozen asteetan, berriz, beste lau auzotan egingo dute: Antziolan, Zelabiden, Etxeberrin eta Zikuñagan.

Uztailaren 15ean, 17an eta 19an egingo dituzte saioak aurreneko bietan: Antziolan, goizeko 09:30etatik 11:00etara; eta Zelabiden, 11:30etatik 13:00etara. Bi horietarako, bihar arte dago izenematea zabalik. Horretarako, 943 57 54 31 telefonora deitu daiteke, edo Biteri kultur etxera jo.

Etxeberrin eta Zikuñagan, berriz, hurrengo astean egingo dute tailerra, hilaren 22an, 24an eta 26an: goizeko 09:30etatik 11:00etara Etxeberrin, eta 11:30etatik 13:00etara Zikuñagan. Horietan, uztailaren 18ra arte eman daiteke izena, bide berberak erabilita.

Auzo bakoitzeko auzo elkarteen egoitzetan egingo dituzte saio guztiak.

Belaunaldi arteko ekintza gaur, adinekoek eta udalekuetako haurrek

Tailerrak ez ezik, bestelako jarduerak ere antolatu ditu Adinekoen Sailak, uztailerako, 65 urtetik gorakoei zuzenduta. Hileko asteazken guztietan izango dira, eta gaur egingo dute bigarrena: belaunaldi arteko ekintza egingo dute, udalekuetako haurrak eta adinekoak elkartuta. Goizeko 10:00etan elkartuko dira Atsegindegin, eta bi orduz arituko dira elkarrekin. Horretan parte hartzeko, adinekoek ez daukate izena eman beharrik.

Atsegindegi izango dute elkargunea adinekoek, datozen bi asteazkenetan ere, 10:00etatik 12:00etara. Uztailaren 17an, mahai-jolasetan eta bingoan arituko dira; eta hilaren 24an, berriz, zineaz gozatzeko aukera izango dute.

Jarduera horien helburua da adinekoek ere «sozializatzeko, parte hartzeko eta ondo pasatzeko gune bat izatea», Adinekoen Sailak nabarmendu duenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!