Magia ikuskizuna eta tailerra izango da ostiral arratsaldean Portu auzoan, Magic Angeloren eskutik

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 10a, 00:00

Magic Angelo, aurretik eskainitako magia tailer batean.

Arratsaldeko 18:00etan izango da, Portu Auzoko Bizilagun Elkarteak antolatuta. Ikusmen urritasuna daukan magoa da Magic Angelo, eta ikuskizunaz gainera, adin guztietarako tailerra ere eskainiko du, magian murgiltzeko.

Saio polita antolatu du Portu Auzoko Bizilagun Elkarteak, ostiral honetarako: magia izango da protagonista auzoan, Lorenza-Ibarrolaburu plazan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Magic Angeloren eskutik.

Ikusmen urritasuna daukan magoa da Magic Angelo, eta saio bikoitza prestatu du ostiralerako. Batetik, zuzeneko magia ikuskizuna eskainiko die bertaratuei. Baina horrez gain, magia tailerra ere emango du, mundu liluragarri horretan murgiltzeko. Adin guztietako herritarrei zuzendutako tailerra izango da.

Urtero antolatzen ditu horrelako jarduerak Portuko Bizilagun Elkarteak, udarako; eta azkenekoetan, inklusioa hartu du jomugan. Joan den urtean, esaterako, haurrentzako ipuin kontaketa antolatu zuten uztailaren hasierarako, baina zeinu hizkuntzan eskainitakoa, Magic Sign taldearen eskutik. Horrekin, «aniztasuna eta inklusioa» landu nahi izan zuten. Ildo horretatik joko dute aurtengoan ere, ikusmen urritasuna daukan mago baten aldeko apustua eginda.

Ostiralean auzora gerturatzeko gonbitea luzatu du Portuko Bizilagun Elkarteak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!