Gora egin du Maialen traineruak joan den asteburuan, Camargoko estropadan seigarren sailkatuta

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 10a, 00:00

Hernaniko Maialen trainerua, Portugaleteko estropadan lanean, joan den igandean. Argazkia: Iñaki Suarez

Hernaniarrek aurrea hartu zieten Ondarroari eta Deusturi, eta oso gertu izan zuten San Juan ere, larunbatean. Hurrengo egunean gehiago kosta zitzaien Portugaleten, eta zortzigarren izan ziren. Sestaon ariko dira igande honetan.

Denboraldi hasiera zaila izan du Hernaniko Maialen traineruak, ETE Ligan; baina ari da aurrerapausoak ematen. Joan den asteburuan, koxka bat egin zuen gora, eta seigarren postuan sailkatzea lortu zuen Camargoko estropadan, larunbatean, 11:05 denborarekin.

Astebete lehenago Zumaian egin bezala, bueltako luzean bikain aritu ziren hernaniarrak Camargon, eta bi traineruri hartu zieten aurrea: Ondarroari (11:09) eta Deusturi (11:10). Ziabogan azkeneko postuan zen Maialen (5:18), baina ez zeuzkan bere txandako hirurak, eta horietatik bi gainditu zituen helmugara bidean. San Juani (11:00) ere kendu zizkion hiru segundu, eta bost segundura iritsi zen.

Hurrengo egunean, berriz, gehiago kosta zitzaien Hernaniko arraunlariei, Portugaleten jokatutako estropadan; eta zortzigarren postuan bukatu zuten (11:27). Aldeak haundiagoak izan ziren traineru guztien artean, eta hernaniarrek 12 segundu aurretik izan zuten Ondarroa zazpigarrena (11:15).

Asier Ocon entrenatzaileak adierazi du «nahiko pozik» daudela asteburuan egindako lanarekin, bereziki larunbatean. «Igandean, lehenengo luzea ona egin arren, asko sufritu genuen ziabogaren ondoren. Tokatu zitzaigun kalea oso gogorra zen».

Hurrengo erronka Ibaizabalen, Sestao parean

Zortzigarren postuan dago Hernani, ETE Ligako sailkapen nagusian ere, zortzi punturekin. Baina sailkapen horri begirakoa baino, estropadaz estropadakoa izango du erronka aurten, pausoz pauso aurrera eginez. Bide horretan, datorren igandean izango du hurrengo erronka, Sestaon: Ibaizabalen jokatuko dute estropada, arratsaldeko 17:00etan hasita.

Erlojupeko formatura bueltatuko dira berriro, eta banaka abiatuko dira traineruak, aurreko asteburuko bi estropadak lauko txandatan jokatu ondoren.

ETE Ligaren aurreneko erdia osatuta, balorazioa egin du Asier Oconek: «Ez gaude pozik orain artekoarekin, baina taldea zentratuta dago. Taldea oso gaztea da, eskarmentua falta zaigu, baina estropada txukunak egin ditugu orokorrean. Esperantza daukagu ligaren bigarren zatiari begira. Taldearen jarrera oso positiboa da, eta horri eutsi nahi diogu», nabarmendu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!