«Behar baino estuagoa izaten jarraitzen du Errekalde-Galarreta bidegorriak, proiektu berrian ere»

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 9a, 00:00

Errekalde eta Galarreta arteko bidegorriaren proiektuaren gainean azaldu du kezka Eguzki Talde Ekologistak.

Eguzki Talde Ekologistak azaldu du zati estuenak zabaldu dituztela, baina bidegorria 3 metro zabal baino ez dela, «4 metrokoa behar duen arren».

 

Kezkatuta azaldu da Eguzki Talde Ekologista, Errekalde-Galarreta bidegorri proiektuaren egoerarekin. Azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak aldatu egin duela iaz aurkeztutako proiektua, eta berriro jarri duela jendaurrean: «Aurrekoarekin alderatu dugu, eta bi albiste dauzkagu; bata ona eta bestea txarra, txisteetan bezala», adierazi du Eguzkik.

Bietan garrantzitsuena, albiste txarra dela nabarmendu du talde ekologistak: «Proiektuak jarraitzen du behar baino estuagoa izaten, 3 metro zabal baino ez delako. Txirrindulariek eta oinezkoek partekatutako bi norabideko bidegorriek (Errekalde-Galarreta bezalakoek, alegia), 4 metroko zabalera izan behar dute, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren zein Gipuzkoako Bizikleta Bideen Eskuliburuaren arabera. Zenbat eta zabalera txikiagoa izan, txirrindulari eta oinezkoen artean gero eta arazo gehiago izateko aukera dago, jakina».

Bidegorriaren zabalerarekin dago lotuta Eguzkik aditzera eman duen albiste ona ere: «Le­hengo proiektuak, batezbeste, 3 metroko zabalera zuen, baina zabalera hori zenbait puntutan nabarmen estutzen zen, baita 1,8 metrora estutu ere. Proiektu berrian, aldiz, zati estu horiek desagertu egin dira». Horren arrazoia ere azaldu du: «Hori posible izan da, lehengo proiektuan oinarrizko irizpideetako bat izan zelako militarrek Lore Tokin dituzten lursailak ez ukitzea, salatu genuen bezala; eta oraingoan, berriz, irizpide hori malgutu dutelako».

Eguzkik dio, hasierako pro­i­ektua idatzi zutenek bidegorri­a «nahitaez eta ahal bezala enkajatu» behar zutela GI-2132 errepidearen eta militarren finkaren artean, «bata zein bestea ukiezinak izanik». Proiektu berrian «malgutu» egin dituzte baldin­tza horiek, eta memoriatik desagertu egin da 1,8 metroko zenbait zati esturen aipamena, Eguzkik jakinarazi duenez. 

Gainerakoan, talde ekologistak ez du «desberdintasun haundirik» sumatu bi proiektuen artean: «Seguruenik, desberdintasun haundiena da proiektu berria ez dela Galarretako biribilgunera iristen, Galarretako eremuko mugaraino baizik. Hernaniko Udalak badu eremu horretan proiektu bat, bidegorri bat ere aurreikusten duena, eta hori omen da aldaketaren arrazoia».

Eguzkik gogorarazi du, bestalde, «naturarekin estu lotutako beste alegazio batzuk» ere aurkeztu zituela iaz, «bidegorri berriak eragina izango baitu harizti batean»; eta zentzu horretan, «ahal den eskuhartze zorrotz eta zehatzena» eskatu du, albo kalterik gabekoa.

 

Bidegorriaren «atzerapen haundia» salatu du Eguzkik

Eguzkik salatu du, era berean, «dagoeneko eginda» behar luketen bidegorri horietako bat dela Errekalde eta Galarreta bitartekoa: «Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren arabera, 2021etik behar zuen martxan». 

«Bazirudien Aldundiko Mugikortasun Sailak zeharo ahaztuta zeukala, planifikatutako beste hainbat bidegorri bezala. Baina duela hiru urte lehenengo lerrora pasa zen, Mireia Massagué Chillida Lekuko zuzendariak espreski erreibindikatuta», dio Eguzkik. 2021eko urtarrilean iragarri zuen Mugikortasun Sailak bidegorria prest egongo zela 2022ko udarako, «museoraino be­hintzat». «Iragarpena ez zen bete orduan, eta hala jarraitzen du 2024an, baten batek Chillidaren mendeurrena betetzeko aukera ona izan zitekeela pentsatuko zuen arren», adierazi du talde ekologistak.

Edonola ere, Eguzkik argitu duenez, «atzeratutako bidegorrietako bat baino ez da Errekalde-Galarreta. Gipuzkoako Oinarrizko Bidegorri Sarea atzerapen asko metatzen ari da. Dagoeneko amaituta edo ia amaituta behar zuen sare horrek, baina behin eta berriro salatu dugunez, barraskilo-abiaduran dijoa, eta aspalditik dago zentzuzko epeetatik kanpo». Datu ofizial bat ere eman du hori irudikatzeko: «Bidegorrien Oinarrizko Foru Sarea osatzen duten 289,96 kilometroetatik, 137,82 baino ez daude erabilgarri gaur egun. %47,53a da hori, erdia ere ez». Horren harira, egin gabe dauden bidegorrien «birprogramazioa» iragarri zuen Jasangarritasun diputatuak orain bi aste, Eguzkik jakinarazi duenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!