Esker hitzak Bizipoza elkartetik, Hernaniko herritarrentzat

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 7a, 00:00

Apirilaren 27an 'Bizipoza jaia'n, Atsegindegin. Argazkia: Bizipoza.

Herritarrei, Udalari, udal ordezkariei, teknikariei eta ikastetxeei eman dizkie eskerrak.

Bizipoza elkarteak apirilaren 26 eta 27 egunak ekarri ditu gogora, Hernaniko herriari eskerrak emanez. Izan ere, apirilaren 27rako, elkarteak  egitasmo erraldoia antolatu zuen, eta herriko zenbait txoko hartu 'Bizipoza jaia'k. Horrenbestez, elkartetik Hernaniko herritarrei eskerrak eman dizkie: «Batetik, eskerrak Udalari, udal ordezkari eta teknikariei. Zuek duzuen gertutasuna, inplikazioa, laguntzeko eta elkarlanerako prestutasuna ezinbestekoak izan dira Bizipoza jaia antolatzeko. Zuek bezalako bidelagunak topatzea oso eskertzekoa da. Bestetik, Hernaniko eragile guztioi ere mila mila esker. Zuek egin duzue posible apirilak 26 eta 27ko egunak ospatu ahal izatea eta aurretiko aurkezpen ekitaldia burutu ahal izatea. Zuena ere erabatekoa izan da inplikazioa eta gertutasuna. Elkarrekin egindako bidea ederra izan da eta emaitza ere bikaina».

Ikastetxeak ere gogora ekarri ditu Bizipoza elkarteak, haien eskuzabaltasuna azpimarratuz: «Ikastetxe guztiei ere mila esker; eskuzabal jaso duzue Bizipoza Eskola, eskuzabal landu dituzue gaiak ikasgeletan , eta eskuzabal jaso zenituzten Porrotx eta Zapotxin zuenean».

Amaitzeko, datorren ikasturtearekin, Irailean Super H eta Pausoka elkarteek ikastetxeetan DBHko ikasleekin sentsibilizazio saioak burutuko dituztela azaltzeaz gain, Bizipozak hernaniarrekin batera eragiten jarraitzeko lanean jarraituko duela ere azpimarratu du, «Hernaniko gainontzeko herri eragileekin lanean jarraitzeko gogoz gaituzue. Elkarrekin ari gara guztiontzat beharko lukeen herri inklusiboa eraikitzen, euskaratik eta euskaraz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!