Bi Max sari jaso ditu Kulunka konpainia hernaniarrak, 'Forever'ekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 3a, 00:00

Kulunka antzerki konpainiako kideak, Max sarietan. Argazkia: Max sariak.

Antzerki-egile onenaren saria jaso zuen Garbiñe Insausti hernaniarrak eta Iñaki Rikartek, berriz, eszena-zuzendaritzako saria.

Beste behin ere, Kulunka antzerki konpainia hernaniarrak bi sari jaso ditu. Atzo gauean, XXVI. Max sarien ekitaldia ospatu zuten, eta bi sari eskuratu zituen konpainia hernaniarrak, berriro ere, Forever antzezlanarekin: antzerki-egile onenaren saria jaso zuen Garbiñe Insausti hernaniarrak; eta Iñaki  Rikartek, eszena-zuzendaritzako
saria. 

Maskaren hizkuntza isilaren aldeko apustua egin du Kulunkak Forever antzezlanarekin. Obra honek, familia baten istorioa kontatzen du, amestu zutenetik urrunduz joango dena hain zuzen. Maitasunaren paradoxak umorez eta ironiaz islatuz, amatasuna, hezkuntza, desgaitasuna eta inkomunikazioa bezalako gaietan jartzen du arreta. 

'Forever' obrak protagonistaren minean sakontzen du, eta ondorengo galdera hausnartzeko gonbitea egiten du: noraino eraman dezake familia bat inkomunikazioak?.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!