Bi sarirekin itxi du ikasturtea Iñigo Legorburu idazle hernaniarrak

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 2a, 00:25

Ekainaren 16an, Legorburu Durangon saria eskuetan duela.

Durangon eta Errenterian sari bana irabazi zituen Legorburuk, ekainean.

Beste bi sari gehiago lortu ditu Iñigo Legorburu idazle hernaniarrak ikasturtea arrakastaz amaitzeko. Maiatzean mikrokontakizunekin eta narrazio laburrekin irabazi zituen sariak, baina ekainean, aldiz, bertso paper eta poesiarekin izan da saritua. Dagoeneko, 180 saritik gora pilatu ditu Legorburuk kurrikulumean.

Ekainaren 16an lortu zuen sarietako bat  idazle hernaniarrak,  Durangoko Udalak antolatzen duen Julene Azpeitia literatura lehiaketan, hain zuzen. Bertso-paperen alorreko garaile izan zen 'Lagunekin bai, lagunekin...ai!' zortzi bertsoz osatutako bertso sortari esker. Bertan, koadrilak eta bere barruko botere harremanak izan ditu hizpide Legorburuk, izan ere, idazlearen hitzetan, «koadrilak ere badira gizartearen isla eta bertako hainbat rol eta jokamolde, gizartetik ikasitakoak dira». Lan honengatik 300 euroko saria eta diploma jaso ditu, eta abenduan, beste sarituekin batera bere lana argitaratuko du Durangoko Udalak, liburu formatuan. 

Legorburuk aitortu du, aurten, bereziki pertso-paperen alorrean «maila altua» egon dela, «izan ere, beste bi aipamen berezi egon dira. Hauek 150 euroko bonu bana eskuratu dute, Durangoko liburutegietan xahutzeko». 

Idazle hernaniarrak lortutako bigarren saria, Errenteriako Udaleko kultura sailak Lekuona fabrikarekin batera estreinakoz antolatu duen poesia lehiaketan izan da. Euskerazko alorrean izan da irabazlea Legorburu 'Iraganeko bide hutsak' poema laburren bidez. Bertan, memoria historikoaren gaia baliatu zuen. Sari moduan, bere poemak 'Eguratsak' antologian argitaratuta ikusi du Legorburuk eta liburutegiko liburu-sota bat eraman du etxera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!