Indarrean dago jada trafiko isun arinen ordenantza berria

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 1a, 11:22

80 eurotik 40ra jaitsi da tarifa, baina azkar ordaintzeagatik egiten den deskontua %90etik %50era murriztu dute. Alegia, hemendik aurrera 20 euro ordaindu beharko dira zorra azkar kitatzean. 

Maiatzeko plenoan onartu zuten trafiko isun arinak arautzen dituen ordenantzaren moldaketa, eta gaurtik indarrean dago. Oinarrizko tarifan eta azkar ordaintzeagatik egiten den deskontuan daude aldaketa nabarmenenak. Izan ere, tarifa 80 eurotik 40ra jaitsiko bada ere, deskontua %90etik %50era murriztu da. Gauzak horrela, trafiko isun arin bat 20 eguneko epean ordaintzen duten herritarrek 20 euroko isuna ordaindu beharko dute. 

Maiatzeko plenoan Xabier Lertxundi alkateak azaldu zuen ordenantza aldatzeko zergatia: «Batetik, aurretik isu­nak ordaintzera behartzen zen kantitatea, 8 euro, ez da eraginkorra izan, eta eguneratzeko beharra zegoen. Halaber, ordaintzeko modua berezia zen, eta Udalari ezohiko prozedura bat mantentzeko beharra sortzen zion. Orain prozedura estandarizatu eta gainerako isunen kudeaketa sisteman sartuko ditu isun hauek ere».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!