Papelera Zikuñaga Txapelketaren seigarren edizioa izango da aurtengoa. Berritasun batzuekin dator, ezta?
Bai, hori da. Urte berezia eta zaila izaten ari da klubarentzat, aldaketa dexente izan ditugu, baina ez genuen txapelketa hau albo batera utzi nahi. Kontrara, indartu eta merezi duen garrantzia eman nahi genion, horregatik egin dugu esfortzu haundiagoa aldaketa batzuk sartzeko. Hiru mailatan banatu dugu txapelketa; kadeteak, jubenilak eta nagusiak. Berritasuna da maila bakoitzean bi kategoria izango direla, helburu ezberdinak dituzten pelotariek lehiatzeko aukera izan dezaten.
Orain artean bigarren planoan geratu da gure txapelketa, sasoi honetan beste herri batzuetan ere antolatzen dituztelako. Horregatik, horri ere beste buelta bat ematen saiatu gara, puntan dabiltzan pelotarien interesa pizteko.
Zer aldatu duzue pelotari horiek erakartzeko?
Lanik haundiena alor ekonomikoan egin dugu. Sari hobeak jartzeak pelotari hobeak gerturatzen ditu, eta pelotari hobeak etortzen badira, jende gehiago elkartuko dugu frontoian. Guztia antolatzeko garaian euren egutegia errespetatzen ere saiatu gara, inguruan dauden txapelketetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Txapelketari begira, saiatu gara maila altuko pelotari horiek bertako pelotariekin elkartzen, hemengo jendearentzat ere aukera polita delako ondoen dabiltzanekin jokatzea.
Mailarekin gustura geratu zarete?
Bai. Jende on dexente animatu da eta puntako pelotariak arituko dira maila guztietan. Inguruan dauzkagun txapelketetan parte hartzen ari diren horiek badatoz behintzat, ea maila hori jokoan islatzen den.
Herriko zenbat pelotarik jokatuko dute?
Ahal eta nahi izan duten guztiek izango dute aukera. Nagusien mailan 8 arituko gara, jubeniletan 6 eta kadeteetan 6-7.
Klubeko pelotarientzat berezia izango da etxeko txapelketa, ezta?
Bai, nik uste dut aukera polita dela. Gainera, bi kategoria bereizita bakoitzak dituen helburuak betetzeko aukera izango du. Batzuentzat garrantzitsua izango da herrian aritzea, beste batzuek maila altukoekin lehiatzen gozatuko dute... Orokorrean aukera polita da denentzat. Azkenean, pelota munduan ez da erraza izaten txapelketa pribatuen zirkuituan sartzea. Hernanin pelotari asko daude maila emango luketenak, baina ez dute aukerarik izaten. Guk gure pelotariei eman nahi izan diegu aukera, eta eurentzat motibazio haundia da.
Aldaketen urtea izan dela aipatu duzu. Hala ere, ilusioa eta borondatea mantendu dituzuela ematen du.
Bai, hori dudarik gabe. Zaila izan da berrantolaketa egitea, ez baita batere erraza hainbeste urtetako ohiturak aldatzea. Ikusten da jendea lanerako prest dagoela, Guraso Taldeko jendea batez ere, oso inplikatuta daude eta lan asko egiten ari dira. Badago jendea ez duena kluba hiltzen utzi nahi, eta lan desatseginenak egiteko ere beti agertzen da norbait.
Guraso Taldeaz gain, gainontzeko kideak ere hartu duzue zuen ardura.
Ardura gehienak Guraso Taldeak hartu ditu, eta haiek joan dira banatzen edo delegatzen. Pelotan eta entrenatzaile gisa gabiltzanoi tokatu zaigu barruko ikuspuntua bertara helaraztea. Azkenean, guk ikusten dugu kluba barrutik, eta horretan laguntzen saiatzen gara.
Zein da une honetan Hernaniren egoera? Zeintzuk dira klubaren helburuak?
Gure helburua ahal den ugariena izatea da. Nahi duguna da jendea gustura aritzea pelotan, ahal dela urte luzez. Berezia da esku pelotako kluben izaera, taldea izan bai, baina kirola askotan banakakoa delako. Iruditzen zait pelotari bakoitzak bere atentzioa merezi duela eta bakoitzaren helburuetara egokitzen jakin behar duela klubak. Batzuen helburua ondo pasatzea izango da eta besteena kirol errendimendu onena lortzea. Gure kasuan, denetik daukagu; tartean badaude oso itxura ona duten pelotari gazteak, eta uste dut asmatzen ari garela bakoitzari ematen diogun atentzioarekin.
Hernanin dabilen pelotari kopuruarekin ez da lan makala bakoitzari behar duena eskaintzea...
Haur asko daude, baina federatzen direnetik aurrera ez dira hainbeste izaten. Atentzio indibiduala adin batetik aurrera hasten da, txapelketa pribatuetan sartzen direnean adibidez. Hala ere, egia da ez dela batere erraza bakoitzari behar duena ematea.
Bailarako pelotazaleek zer eskaintza topatu ahalko dute hilabete honetan?
Txapelketa uztailean zehar jokatuko da, gaurtik hilaren 30 eta 31ra arte. Eskaintza oso zabala izango da, lehenengo bi asteetan batez ere; astelehenetik ostiralera arratsaldero jokatuko dira partiduak, eta uztailaren bigarren zatian, finalerdiak hasten direnean, egun zehatzagoetan izango dira norgehiagokak. Bigarren astetik aurrera emakumezkoen txapelketa ere hasiko da.
Herritarrei zer esango zenieke?
Udaran ohitura haundia du jendeak festetako partiduak ikusteko. Oso partidu politak izaten dira, baina esango nieke honek baduela gehigarri bat. Hau txapelketa bat da, eta pelota gustuko duenari lehiak beste zerbait ematen dio. Puntako pelotariak lehiatzen ikusteko aukera izango dute bertan.
PAPELERA ZIKUÑAGA TXAPELKETA - ASTE HONETAKO PARTIDUAK GAUR - 17:30etan hasita Kadete zilarra: A.Karrera - O. Gaskon / A. Labaka - O. Galarraga
Jubenil zilarra: A. Uria - E. Aranburu / X. Otazu - U. Astigarraga
Kadete zilarra: E. Iradi - M. Alberdi / E. Bidezabal - O. Arsuaga
Jubenil zilarra: J. Bidezabal - M. Alberdi / I. Iparragirre - A. Goikoetxea
Jubenil urrea: M. Olaiz - E. Elizegi / A. Olaizola - A. Lasa |