Gobernu Taldearen balorazioa kritikatu dute EAJ-PNVk eta PSE-EEk

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 30a, 00:00

Hernaniko Udal Pleno bateko artxiboko irudia.

Hernaniko Udaleko Gobernu Taldeak lehenengo urtearen balorazio «triunfalista» egin duela adierazi dute oposizioko bi alderdiek.

 

Hernaniko Udaleko Gobernu Taldeak legealdiko lehenengo urtearen balorazioa egin zuen aurreko astean. Aurkeztutako hamar neurritatik «bat beteta eta bost betetzeko bidean» daudela adierazi zuten bertan, neurrien betetzea «martxa onean» doala nabarmenduta.

Irakurketa horren harira, oso kritiko agertu dira Hernaniko EAJ-PNV eta PSE-EE. Ohar bana argitaratu dute oposizioko alderdiek, eta EH Bilduren kudeaketa kritikatu dute. 

Andoni Amonarraiz EAJ-PNVko bozeramaileak adierazi du «oso erraza» dela «norbere lana goraipatzea», baina gehitu du oposizioko alderdien ekarpenak «ez dituztela aintzat hartu»: «Oposizioan gauden ordezkarien parte hartzea eta egindako ekarpenen errekonozimendu publikoa ez dira EH Bilduk argitaratutako panfletoan agertzen». 

EAJ-PNVk argitaratutako oharrean puntuz puntu aletu dituzte garrantzitsuak iruditu zaizkien gaiak; hala nola, etxebizitza, hirigintza, trantsizio ekologikoa, kultura, zerbitzu sozialak, gobernantza eredua eta garapen lokala. Alor horietan gauzatu gabeko proiektuen errepasoa egin du Amonarraizek: «2007tik daude gobernuan eta ohar bakarrean ez daukagu lekurik aurreko legealdietatik gauzatu gabe dauden proiektuak zerrendatzeko». 

PSE-EEtik ere Gobernu Taldearen irakurketa «triunfalista» dela adierazi dute. Ricardo Crespo bozeramaileak nabarmendu du «ezin dutela adierazitakoa baino ikuspegi ezberdinagorik izan», eta zenbait puntutan jarri du azpimarra: «Beste legegintzaldi batzuetako proiektu haundiei bueltak ematen jarraitzen dugu, eta geldirik jarraitzen dute». 

Kritika asko partekatzen dituzte EAJk eta PSE-EEk

Alderdi bakoitzak ohar bat argitaratu duen arren, EAJk eta PSE-EEk bat egin dute zenbait proiektu aipatzerakoan. Horien artean daude Floridan aurreikusitako 308 etxebizitzak edota auditorioaren proiektua. Amonarraizek nabarmendu du Floridako etxebizitzak ez direla egin EH Bilduren «egoskorkeriagatik». Auditorioari buruz, berriz, kokapena jarri du zalantzan Crespok: «Berriro zentralizatzen dugu dena erdigunean, eta horrek inguruko bizilagunei eragozpenak sortzen dizkie».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!