Identitatea, harremanak eta sexualitatea hizpide gaur, 'Esnatu naiz' kabaretarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 29a, 00:00

Gaur arratsaldeko 20:00etan hasiko da emanaldia, Erriberan. 8 euroren truke erosi daitezke sarrerak, eta 18 urtez azpikoentzat, 4 euro izango da.

Andoni Mutiloa artista hernaniarrak, 'Esnatu naiz' kabareta oholtzaratuko du gaur arratsaldeko 20:00etan, Erriberan.  Mutiloak aitortu du ikuskizuna estreinatu zutenetik, Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzen ari direla, «ilusio haundiz». Dagoeneko 75 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte, eta datozen hilabeteetan ere herriz herri ibiltzeko asmoa dute lantaldekoek: «irrikaz gaude!».

'Esnatu Naiz' kabareta, dantza eta musika nahasten dituen showa da. Identitatea, giza-harremanak eta sexualitatea ditu hizpide, besteak beste, baina batez ere, «gure nortasunarekin bat egin eta aske bizitzeko gonbitea egiten digu».

Ikuskizun honek istorio xelebrea kontatu arren, galdera sakona proposatuko die astigartarrei: gure nortasuna eta gure bizimodua bat al datoz? Beste modu batean galdetuta: gure nahiek, beharrek eta ametsek zer leku dute gure egunerokoan?

Elur da protagonista, eta Londreseko The Pink Flamingo klubean egiten du lan.  Dantzatzeaz eta kantatzeaz gain, bere showa izatea lortu du eta gauero jende asko joaten da bera ikustera. Harrigarria izan da Elurren eraldaketa. Izan ere, duela 10 urtera arte baserrian bizi zen bere familiarekin. Eta ondorengo galderak oholtzaratuko dituzte: «Nola demontre lortu du baserritar euskaldun honek modako trans artista izatea Londresen? Zer bizipen izan ditu Elurrek azken 10 urte hauetan? Eta zergatik da Beyoncé guzti honen erruduna?».

Ohiturak eta arauak zalantzan jarriz

Bere azken 10 urteko bizipenen kontakizuna egitearekin batera, hainbat gai zehatzei buruzko hausnarketa egingo du Elurrek obra honetan: «harreman sozialak, generoa, auto-estimua, lotsa eta beldurrak, sexualitatea, sormena, bizipoza... gizartean errotuta dauden hainbat ohitura eta arau zalantzan jartzeaz gain, LGBTI+ komunitatearen eskubideen aldeko mezua zabaldu nahi dugu obra honen bitartez»

Astigarragan eskainiko den emanaldi honek, antzerkia, dantza eta musika nahasten ditu, kabaretaren bidez, eta horrez gain, dantza estilo ezberdinen bilduma ere bada 'Esnatu Naiz': euskal dantza, garaikidea, burlesquea, stripteasea, performancea... teorian zer ikusirik ez duten hainbat dantza estilo uztartzen ditu show honek Elurren bizipenen bitartez. Formatu txiki-ertaineko ikuskizuna da 'Esnatu naiz', eta oholtzara artista bakarra igoko da: Andoni Mutiloa hernaniarra. Eszenografia ere sinplea da; izan ere, oholtzan topa daitezke mahai txiki bat, arropa, aulki bat...

Sarrerak 8 euroren truke erosi dezakete helduek, eta 18 urtez azpikoek, 4 euroren truke, ondorengo estekan: https://goo.su/oMu8h1.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!