Atzo gauean eman zitzaien amaiera San Joan jaiei, bandera jaitsiz eta San Joan zortzikoa abestuz

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 28a, 00:00

Orbegozo fabrikako garaiak irudikatu zituzten San Joan konpartsako kideek.

Gaueko 23:00etan Deabru beltzak taldeak eskainitako piroteknia ikuskizunak plaza argitu zuen, eta gauerdian, denek elkarrekin agurtu zituzten San Joanak, zapiak poltxikoan gordez.

Beste urte batez, Hernaniko kaleak kolorez, musikaz eta jai giroz bete dira San Joanetan jaietan. Bost egunez, ehunka ekintzek eta jarduerek hartu dituzte herriko kaleak, eta atzo eman zitzaien amaiera herriko jai maiteei.

Atzo goizetik hasi zuten eguna Hernaniko txistulariek dianarekin, eta goizeko 09:00etan Axeri dantzak hartu zuen batuta, jaien azken egunean bizkarrak bero-bero jartzeko asmoz; eta ohiturak ez hausteko, Beti Egarriak txarangarekin dantzan jardun zuten zenbait herritarrek, Kaxkoan barrena. Eguerdian, berriz, helduentzako herri kirol erakustaldia eskaini zen Tilosetan, eta txikientzat, Finito-infinito zirku ikuskizuna izan zen Urbietan. 

Arratsaldean, garai zaharrak ekarri zituzten gogora San Joan Konpartsak eskainitako desfilearekin. Orbegozo fabrika irudikatu zuten, bai antzezlanean eta baita konpartsan ere.

Gauean, berriz, Deabru beltzak taldeak piroteknia kale ikuskizuna eskaini zuen Gudarien Plaza argiztatuz eta San Joanak agurtzeko,  herritarrek bat egin zuten ohi moduan, herriko Plazako iluntasunean, San Joan Zortzikoa abestuz, jaietako bandera jaisten zuten bitartean.  Eta segidan, Incansables txarangak gidatutako kalejira alai bezain klasikoak Kaxkoko kaleak girotu zituen, behar zen agurra emateko San Joan jaiei.

Erlazionatuak

San Joanak - Ekainak 27 (Goiza)

Kronika - Erredakzioa eka 27 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!